Lan baldintzetan aurrerapenak jasotzen dituen akordioa lortu du Astigarragako LABek

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 26a, 00:00

Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen akordioarekin lortutako lorpen batzuk honakoak dira: 2025 eta 2026 urteetan %20ko soldata igoera; formakuntzarako ordu ordainduak izatea; eta gaixotasun banak lehen egunetik osagarritzea.

 

Pribatizatutako zaintza sektoreko langileen funtsezko lanaren aitortza politiko, ekonomiko eta sozialaren alde borrokan dabil LAB azken urteetan. LABentzat zaintza sistema publikoa ezinbestekoa dela, «langileen lan baldintzak hobetzeko eta egoiliarren arreta duintzeko». Eta LABek dio, pribatizatutako zaintzako langileek lan publikoa egiten dutela, eta horrenbestez, lan horren publifikazioaren alde borrokatu beharra dagoela, «zaintza lanekin dagoen negoziarekin bukatzeko eta sistema publikoa indartzeko».

Bide horretan, beraz, Astigarragako LABek, etxez etxeko laguntzako eta tutoretzapeko edo babestutako etxeetako zerbitzuko langileen lehen lan hitzarmena sinatu du Arreta Zerbitzuak enpresarekin. Eta aitortu du hobekuntzen artean, langile publikoekiko ekiparazioa dagoela; «izan ere, zerbitzua publifikatzeko bidean, pribatizatutako langileen lan baldintzak publikoko langileen berdinak izatea dugu helburu LABetik».

Hauek dira, besteak beste, Astigarragako LABek akordioarekin lortutako atal batzuk: 2025. eta 2026. urteetan %20ko soldata igoera izango dute langileek; formakuntzarako ordu ordainduak izango dituzte langileek; euskara ikasteko formakuntza lan ordu bezala konputatuko zaie; eta gaixotasun bajak lehen egunetik osagarrituko zaizkie.

Horrez gain, LABek Euskal Herriko zerbitzu publikoak indartu eta pribatizazioari eta negozioari atea ixteko beharra azpimarratu du, «pribatizatuta lan egiten duten langileak publifikatuz. Hori ezinbestekoa da zaintza sistema publiko komunitarioa sortzeari begira». 

Amaitzeko, LABek, udal eta instituzioei ondorengo deia egin diete: «zaintza zerbitzuak pribatizatzeari utzi, eta zaintza zerbitzu
duinarekiko duzuen erantzukizuna zuen gain hartu». Bestalde, gainontzeko sindikatuak interpelatu ditu, «zaintza sistema publiko komunitarioa lortzeko elkarlana eta sinergiak ezinbestekoak izango direlako».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!