Herriartekoaren finalean izango da Astigarraga berriro, bueltakoan Aiari hiru partiduak irabazita

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 22a, 00:00

Jaun eta jabe izan ziren astigartarrak, Aiari irabazita.

Txomiñenen jaun eta jabe izan ziren astigartarrak, eta iazko txapela defendatuko dute ekainaren 30eko finalean, Atanon.

Haundia egin du Astigarragak, berriro, paleta gomazko Herriarteko Txapelketan. Zaila bada finalera sailkatzea, sekulako lorpena da bi urtez jarraian txapelaren lehia horretan izatea. Eta astigartarrek datorren asteburuan izango dute lehia hori: iaz jantzitako txapela defendatuko dute finalean, semifinalean Aia menderatu ondoren.

Bueltako hiru partiduak irabazi zituzten astigartarrek Txomiñenen, ostegun arratsaldean. Ezin hobeto hasi zen jaialdia, buruz burukoan garaipena lortu baitzuen Axier Salaberriak, Aldalurren kontra (20-18). Horixe izan zen joanekoan galdu zuten partidu bakarra. Hortaz, esku eskura zeukaten finalerako pasea astigartarrek, eta binakakoan ziurtatu zuten Mikel Txoperenak eta Beñat Zubiarrainek, Aramberriren eta Zubillagaren kontra (20-13). Festa borobiltzeko, plenoa osatu zuen Ganix Urdangarinek zazpi barruan, Lizasori 20-17 irabazita.

Datorren asteburuan jokatuko du finala Astigarragak, baina eguna, ordua eta tokia zehaztu gabe daude oraindik. Kontrarioa ere, gaur jakingo dute: Loiolan jokatuko dute bueltakoa Donostiak eta Mutrikuk, 10:00etan. Oraingoz, mutrikuarrak daude aurretik (2-1).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!