Urtebete bete da 2023-2027 agintaldia hasi zenetik, laurden bat. Une honetan, Legegintzaldiko Planaren betetze-maila %33,64koa da, asteartean Udal Gobernu taldeak azaldu zuenez. Xabier Urdangarin alkateak aurkeztu zituen datuak. Legegintzaldi Planak agintaldian zehar egitea aurreikusten diren proiektuak eta erronkak jasotzen ditu. Plana sei ardatzetan banatzen da, eta ardatz horien arabera antolatzen dira proiektuak.
Plan estrategikoak datozen urteetako politika publikoak diseinatzeko eta garatzeko tresnak dira, eta horietan zehazten dira ardatzak eta helburuak, baita aldi horretan gauzatuko diren lan-ildoak eta ekintza zehatzak ere. Plan estrategikoak eta legegintzaldiko plana udal webgunean argitaratu dira, herritarren eskura. Legegintzaldiko Planarekin batera, proiektuen jarraipen-taula bat argitaratu da, proiektuen betetze-maila ezagutzeko, eta sei hilean behin eguneratuko da.
Herri Eskolaren haunditzeko lanak martxoan amaitzea aurreikusten da
Plana sei ardatzetan banatzen da: aukera berdintasunak; zerbitzu, programazio eta ekipamenduak; garapen ekonomikoa; herri-ingurunea eta klima-krisialdia; herri bizi, aktibo eta kohesionatua eta udal antolamendua, baliabideak eta azpiegiturak. Atal bakoitzaren barruan proiektuak daude, eta egingo diren ekintzak eta gauzatzeko epea ere ikus daitezke.
Legegintzaldiaren laurden honetan, Planean jasotako proiektuen gauzatze-maila % 33,64koa da. Orain, agintaldiko lehen urtean, emandako urrats nagusiak eta proiektu esanguratsuenen egoera honako hau da: Ibai-parkea zabaldu berri da: haunditzea, ariketa-eremua, jolasgunea eta ur-eremua. Sagardo Plazako jolasgune berria egin da.
Hezkuntzari dagokionez, DBH-ren eraikin berriaren inguruan, Hezkuntza Sailak hilabete honetan aurkeztuko du oinarrizko proiektua, eta obra-lizentzia eskatuko dio Udalari. Udalak lehenbailehen emango dio obra-baimena, eta hori izango da Udalaren esku geratuko den azken urratsa. Ondoren, Hezkuntza Sailari dagokio lehiaketa egitea eta obrak gauzatzea. Herri Eskolaren haunditze-lanak bide onetik doaz, martxoan amaitzea aurreikusten da.
Plan Orokorraren aldaketa puntuala onartu da anbulatorio berria Bidebitarten kokatzeko. Erakunde arteko hitzarmen bat sinatu da Aldiriko Trenaren geltokia eta pasabidea egiteko, eta Udalean dagoen informazioaren arabera, obrak 2025eko lehen seihilekoan hasiko dira.
Bestetik, Apeztegiko igogailuaren obrak bide onetik doaz, aurreikuspenen arabera, 2025erako martxan egongo da igogailua. Herriko zentroak kuota altuan dauden zerbitzuekin lotura irisgarria izango du. Arrobitxuloko urbanizazioa ere amaitzear da, eta oinezkoentzako gune seguruagoa eta erosoagoa izango da.
Mugikortasunari dagokionez, «aurrerapausoak eman dira»
2024-2026 Plan Estrategikoa ere onartu da, eta 970.055,52 euro bideratu dira dirulaguntzetara (lehia askea eta izendunak). Brigadaren lokalerako lan-eremu berria eraiki da, tresneria eta ibilgailuak gorde eta bertan lan egiteko.
Tunel morea eraiki da, Emakumeon Etxea eta Emakumeen plaza lotzen dituen ardatza. Zirrara, sexu aholkularitza zerbitzua eta emakumeentzako aholkularitza juridikoko zerbitzuak martxan daude, doakoak dira.
Kereilak jarri dira Gerra Zibileko eta Frankismoko genozidio eta gizateriaren aurkako delituengatik. Enpresek, elkarteek eta herritarrek Plan Orokorrari egindako 39 ekarpenak aztertu ondoren, helburuak eta irizpideak zehaztu eta onartu dira.
Mugikortasunari dagokionez, aurrerapausoak eman dira hainbat eremutan. Alde batetik, Udalak Foru Aldundiari autobus-zerbitzuari buruzko proposamen bat egin dio; bestetik, taxiaren erregimen bereziko eremua sortzeko bidean da; eta, azkenik, Donostiako Udalarekin Dbizi sistema herrian ezartzeko bideragarritasuna aztertzen ari da.
Lau ardatz estrategikoak ari dira garatzen
Planei dagokienez, 2023ko urrian, Udalak lau herri-gogoeta jarri zituen abian: berdintasuna, euskera, irisgarritasuna eta toki garapen jasangarria. Prozesuak martxora arte iraun du eta hortik Plan Estrategikoak egikaritu dira.
Euskara Plana udaleko ordezkari tekniko eta politikoekin, hainbat diziplina eta arlotako tokiko eragileekin eta parte hartu nahi izan duten herritar guztiekin elkarlanean egin da.
Berdintasun Plana udalerriko IV. Plana izango da eta berrikuntzetako bat aldia da; aurreko hiru planek 4 urteko aldia izan zuten eta hau 7 urtekoa izango da, EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako estrategiari jarraituz.
Udalak dagoeneko abian ditu legegintzaldi honetarako aurreikusitako irisgarritasuna hobetzeko hainbat proiektu. Plan honen helburua da herritarren beharrak entzutea eta identifikatzea, lehentasunak zehaztea eta ekintza-plan batera ekartzea. Plana legegintzaldiko epearekin bat dator, eta 2024tik 2027ra bitarteko iraupena izango du. Urtean 90.000 eta 100.000 euro artean inbertitzea aurreikusten da irisgarritasunean, hiru ekintza motatarako: espazio publikoa, eraikin publikoak eta udal-zerbitzuak, are irisgarriagoak izan daitezen.
Udalerriaren garapen ekonomikoari dagokionez, batetik, herriko industriaguneen, enpresen, langabetuen eta ekintzaileen beharrak ezagutu nahi dira.