'Gurea erabili dezakezu' kanpaina abiatu, eta haur eta nerabeen eskura jarri dituzte Astigarragako establezimenduetako eta udal eraikinetako telefonoak, Hernanin eta beste hainbat herritan bezalaxe. Altxa Burua Astigarraga taldeak jarri du kanpaina martxan, Udalarekin eta Astiko elkartearekin batera.
Oraingoz, udal eraikinetan eta Astiko elkarteko 21 establezimendutan izango dute bertako telefonoa erabiltzeko aukera, behar dutenean; zehazki, honako guztietan: udaletxea, Erribera kulturgunea, kiroldegia, Kultur Etxe zaharra, Emakumeon Etxea, Mai family & Co, Beti Goxo, Astigarraga Consultores, Mon paperdenda, Ezpela Naturdenda, Triton, Maple Tree, Astigarraga hortz-klinika, Pastain, Kixkur ileapaindegia, Mapfre Astigarraga, Aguado farmazia, More Kolore ileapaindegia, Zubitxo, Kris Auzmendi ileapaindegia, Astigarraga Tattoo, Yoss ileapaindegia, Amalei Estetika Zentroa, GaurkoTek, Ikatza taberna eta Gnomos.
Establezimendu horiek erraz identifikatu ahal izateko, pegatina bat izango dute ikusgai kanpoaldean, 'Gurea erabili dezakezu' kanpainaren logoarekin. Kanpainarekin bat egin nahi duten establezimenduek aukera daukate oraindik, Altxa Buruarekin, Astikorekin edo Udalarekin harremanetan jarriz.
Kanpainaren gakoa da murriztea mugikorra erabiltzeko beharra haurrengan, baina horrekin batera, beste zenbait helburu ere lortu nahi dituzte: haurrek espazio publikoa berreskuratzea eta erabiltzea; kaleak eta auzoak ezagutzea eta seguru sentitzea; komunitateko kideen laguntza eta koordinazioa indartzea, eta komunitatearen zaintza sustatzea; eta helduei buruzko erreferentzia gehiago izatea eta gizarte-sarea indartzea.
Herri Eskolako Gura Elkarteko Batzar Digitaletik sortu da ekimena, seme-alabek mugikorrak modu desegokian eta goiztiarrean erabiltzeak dauzkan ondorio negatiboekin kezkatuta. Komunitatea sortzeko ideian jarri dute azpimarra, bakarka baino errazagoa izango delako taldean lortzea haur eta nerabeek mugikorraren beharrik ez sentitzea, eta horiek edukitzeko adina atzeratzea.