Jolas eta kirol elementuak prest, ibai parke haundituan

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 14a, 00:00

Kirola egiteko elementu ugari topatuko dituzte herritarrek, ibai parkearen goiko aldean.

Bukatu dituzte Andre Gobadarien ibai parkea haunditu eta ekipamendu berriak jartzeko lanak. Kirol tresnak, tirolina, txirrista eta urarekin jolasteko eremua topatuko dituzte herritarrek.

Itxura berrituta eta nabarmen haundituta topatuko dute Andre Gobadarien ibai parkea, aurrerantzean, Urumearen ertz horretara gerturatzen direnek. Amaitu berri dituzte ibai parkea haunditzeko obrak, «uholde arriskuak murriztu, ibai-ekosistema hobetu eta herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin, eta espezie inbaditzaileen aurka borrokatzeko».

Lan horiekin, 18.000 metro karratuko azalera gehitu diote ibai parkeari, jolaserako eta kirola egiteko elementuak jarri dituzte, eta argiteria indartu dute.

Parkea haunditzearekin batera, zenbait egokitzapen egin dituzte. Batetik, jaitsi egin dute ibaiaren eskuineko ertzeko plataforma, uholde arriskua murrizteko. Gainera, desbideratu egin dute industrialdeko euri urak biltzen dituen erreka, eremua ekialdetik zeharkatzen duena. Bestetik, altzari gehiago jarri eta ibilbideak diseinatu dituzte, parkea «erabilgarriagoa eta atseginagoa izan dadin». Landaketak ere egin dituzte ibai ertzean: dentsitate haundiko haltzadiak, eskuineko ertzetik beherako kota duten eremuetan; eta zuhaixka espezieak, hurritzak eta sahatsak, euri uren hoditeriaren gainazalean.

Urumearen ibaira sartzeko puntu bat ere sortu dute, jaitsiera mailakatua eginez, platanondoen enborrak erabilita. Eta anfibioentzako putzu bat egin dute, habitata dibertsifikatzeko eta espezie horientzako ugalketa eremuak sortzeko.

Eremua ez dago guztiz bukatuta oraindik, laster hasiko baitituzte Euskal Trenbide Sareko lanak bertan, geltokiarekin lotura izango duen pasarelaren zutabeak eraikitzeko. Lan horiek bukatutakoan, ibaia zeharkatuko duen egurrezko pasarela jarriko dute, parkeko bideak amaituko dituzte, eta osatu gabe geratu diren eremuetan belarra erein eta zuhaitzak landatu. Txakurrak aske ibiltzeko eremu hesitu bat ere egingo dute. Laster hasiko dituzte horretarako lanak, eta udara baino lehen bukatu.

 

Ariketa guneak, tirolina eta urarekin jolasteko eremua, aisialdirako

Parkea haunditzeko lanez gain, eremua hornitzeko lanak egin dituzte, elementu ugari gehituta. Horrela, hasteko, ariketa fisikoa egiteko guneak prestatu dituzte, oinezkoen bideen ondoan. Batetik, kalistenia eraiki dute, intentsitate altuko ariketa fisikoa egiteko; eta bestetik, hainbat makina jarri dituzte, bereziki adineko pertsonei bideratutakoak. 

Trebatze gunea ere jarri dute ibai parkean, haurrei eta nerabeei bideratuta. Horretan, parkeko kota aldaketa baliatuz, txirristak eta igotzeko hainbat elementu jarri dituzte: sokak, enborrak, harriak, sareak, plataformak... Horien ondoan daude, baita ere, parkean eraiki dituzten harmailak. Trebatze gunearen aurrean, berriz, tirolina bat ere jarri dute, haurrak jolasean aritzeko.

Eta handik gertu, azkenik, uraren eremua prestatu dute. Bertan, urarekin jolasteko aukera izango dute herritarrek. Ur txorrotak jarri dituzte, behetik gora ura botatzen dutenak, frexkatzeko eta beroa egiten duen garaietan gozatzeko. Iturri askadun bat ere jarri dute. Aska horrek aukera emango die haurrei ur pistolak betetzeko edota urarekin esperimentatzeko, besteak beste.

Ibai parkea haunditzeko eta hornitzeko obren osagarri, bertako argiteria indartzeko lanak ere egin ditu Udalak. Horrela, farolak jarri dituzte beheko mailan dagoen azkeneko bidean, eta baita gainerako bideetan berriak instalatu ere.

Guztira, 1.200.000 euro ingurukoa izan da Udalaren inbertsioa, ibai parkean egindako lan guztien artean. Ibaiaren ertzak berreskuratzeko proiektua gauzatzeko, hitzarmena sinatu zuen URA agentziarekin, eta 184.629,83 euroko dirulaguntza jaso zuen.

Orain, lanak bukatuta, Udalak espero du «parkearen erabilera plurala eta belaunaldien artekoa izatea, ibai parkea herritar guztientzako gune naturala izatea, erabilera desberdinetara egokituko dena».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!