Inguruko herrietako taxi gidariek ere zerbitzua eskaini ahal izango dute Astigarragan, urte osoan zehar

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 13a, 00:00

Xabier Urdangarin, Ainara Vazquez eta Naroa Del Orden atzo, Erriberan.

Donostialdeko Taxiaren Araubide Bereziko Eremua sortzeko akordioa onartu du Udalak: «Aurrerapauso haundia da herriarentzat», adierazi du Xabier Urdangarin alkateak.

Astigarragako Udalak ezohiko plenoa egin zuen asteartean, eta bertan onartu zuen Donostialdeko Taxiaren Araubide Bereziko Eremua sortzea. Horretarako hitzarmena ere onartu zuten, eta zenbait hilabetetan landu dute gaia Buruntzaldeko, Oarsoaldeko eta Donostiako udalek, eta taxilariek. Araudiaren berri emateko asmoz, Astigarragako Udaleko zenbait ordezkarik agerraldia egin zuten Erriberan, atzo eguerdian. 

Gaur egungo taxi zerbitzuak arautzen dituzten lege eta ordenantzen arabera, herri batetik abiatzen diren zerbitzuak herri horretako taxilarienak dira eta, beraz, ondoko herrietako taxilariek ezin dituzte egin. Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak azaldu zuen, horrek arazo ugari sortzen dituela; «batez ere, taxilari gutxi dituzten herrietan, esate baterako Astigarragan. Arazo hori konpontzeko eta taxilari batek alboko herriko zerbitzuak egin ahal izateko (lan eskari haundia dagoenean, gauetan eta abar), araubide bereziko eremuak sortu daitezke». Eta horri konponbidea emateko asmoz onartu dute araudi berria, «orain artekoak ez duelako funtzionatzen».

Hori kontutan hartuz, araubide bereziko eremuan 11 udalerri sartzea aurreikusi dute: Andoain, Urnieta, Lasarte-Oria, Hernani, Usurbil, Pasaia, Lezo, Errenteria, Oiartzun, Donostia eta Astigarraga. Urdangarinek azaldu zuen onartutako akordio eta hitzarmenaren ondorioz, herri horietako taxi gidariek beste herrietan lan egin ahal izango dutela, «bertako taxilarien baldintza berdinekin; hala nola, geltokiko txandak, tarifa berdinak... herri bakoitzak erabakitzen duen egun eta orduetan». Honen guztiaren asmoa da, herri bakoitzeko une jakin batzuetako eskari igoerari erantzun ahal izatea inguruko taxilarien laguntzarekin. Adibide gisa aipatu zituen Urdangarinek «herriko jaiak, gauak, turismo marduleko garaiak...».

Astigarragari dagokionez, Udalak erabaki du araubide bereziko eremua aplikatzea urteko egun guztietan eta egunean 24 orduz: «Beste herrietako taxilariek Astigarragatik hasitako zerbitzuak egin ahal izango dituzte urte osoan zehar, egutegi eta ordutegi mugarik gabe. Herritarrek zerbitzu horiek jaso ahal izango dituzte taxi geltokian hasita edota zerbitzua telefonoz eskatuta», gehitu zuen Astigarragako alkateak. 

Taxi zerbitzua erabiltzeko telefonoari dagokionez, Urdangarinek azaldu zuen telefono finko bat jartzea dela asmoa. «Hala ere, oraingoz herri bakoitzak dituen telefonoak erabiliko dira», argitu zuen.

Udalaren ustez, araubide bereziko eremua «lorpen eta aurrerapauso» haundia da: «Taxi zerbitzua hobetu eta zerbitzurik gabe geratzen ziren epealdiak beste herrietako taxilariekin osatu ahal izango ditugu», nabarmendu zuen Urdangarinek. 

Udalak aurreikusi du uztailean jarriko dela martxan Taxiaren Araubide Bereziko Eremua. Hala ere, martxan jarri aurretik, alkateak ziurtatu du Udalak herritarrei informazioa helaraziko diela, ohiko bideetatik, «martxan jartzera doala adierazteko eta eskura izango dituzten taxi zerbitzuen telefono eta datuak eskura jartzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!