LGTBIQ+ harrotasunaren hilabetea dela eta, zenbait jarduera antolatu dituzte Astigarragako eragileek, Udalarekin elkarlanean. Gaur izango da egitarauko lehenengo jarduera: Esnatu naiz kabareta.
Andoni Mutiloa hernaniarrak antzerkia, dantza eta musika uztartuko ditu Kultur Etxe Zaharreko aretoan. Nerabeei zuzendutako saioa izango da gaurkoan, eta zenbait gairi buruzko hausnarketa oholtzaratuko du: «Harreman sozialak, generoa, autoestimua, lotsa, beldurra, sexualitatea, sormena, bizipoza....». Arratsaldeko 18:00etan hasiko da kabareta.
Mutiloak bigarren saio bat eskainiko du ekainaren 29an, helduei zuzendutako edukiarekin. Bigarren emanaldia Erriberan izango da.