Joan den larunbatean jokatu zuen Mundarrok, Andoainen, erregionalen lehenengo mailako Kopako finala. Eta oso partidu lehiatuan, azkeneko unean lortu zuten garaipenaren gola astigartarrek, Tolosa menderatu (1-2) eta Kopa herrira ekartzeko.
Bikain ekin zioten moreek finalari. Baloiaren jabe izan ziren, eta berehala jaso zuten saria: 10garren minutuan lortu zuen aurreneko gola Xabi Pedronek. Hortik gutxira, ordea, partidua berdintzea lortu zuten tolosarrek, 22garren minutuan.
Bi taldeak berdinduta iritsi ziren atsedenaldira, eta oso parekatua izan bigarren zatia ere, golik gabekoa, partiduaren azkeneko jokaldira arte. Orduan, 95garren minutuan, hegaletik falta bat atera zuen Mundarrok, eta tolosarren atezainak baloia urrundu ondoren, bigarren aukera baliatu zuen Julen Godoyk, garaipenaren gola lortzeko.
Pozak hartu zituen jokalariak eta Ubitarteko harmailak bete zituzten zaleak, eta bat egin zuten ospakizunean. Horrekin, denboraldi bikaina borobildu du Mundarroko talde gazteak.