Joan den igandera arte luzatu zuen epea Astigarragako Udalak, aurrekontu partehartzaileen '240.000 euro zure esku' bozketan parte hartzeko. Eta epea bukatuta, dagoeneko eman ditu aditzera emaitzak: azoka gune estali bat eraikitzeko proposamena izan da bozkatuena, eta horretarako baliatuko dute 240.000 euroko partida. Baserritarren produktuen zuzeneko salmentara bideratuko dute azoka gune estali hori.
Oso alde txikiarekin irabazi du bozketa azoka gune estaliaren proposamenak. 230 boto jaso ditu, bigarren bozkatuenak baino lau gehiago soilik: 226 botorekin geratu da udal sukaldaritza komunitarioa sortzeko proposamena. Hirugarrenak ere boto asko jaso ditu: ludoteka zerbitzua martxan jartzeko proposamena, 213 botorekin.
Herritarrek 24 proposamen zeuzkaten aukeran, eta horietatik lau aukeratu zitzaketen botoa ematerakoan, gehienez ere. Guztira, 724 astigartarrek eman dute botoa, eta horietatik 230ek hautatu dute azoka gune estaliarena bere aukeren artean. 2022ko aurrekontu partehartzaileetan baino 231 herritar gehiagok hartu dute parte bozketan, oraingo honetan. Boto emaileetatik 414 izan dira emakumezkoak (%57,2a). Adin tarteari dagokionez, partehartzea oso txikia izan da gazteen artean: 16 eta 29 urte bitarteko 59 herritarrek soilik eman dute botoa. 30 eta 49 urte bitartekoen artean, aldiz, 447 lagunek hartu dute parte bozketan.