Konposta egiteko lau etxoletatik lehenengoa konpontzeko lanak hasi ditu Astigarragako Udalak

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 3a, 00:00

Astigarragako Udalak konposta egiteko gonbidapena egin die herritarrei.

Norberto Almandoz plazan dagoen etxolatik hasi dira, eta ondoren beste hirurak konpontzea da asmoa.

Astigarragako Udalak herrian dauden konposta egiteko etxolak konpontzeko lanak hasi berri ditu. Norberto Almandoz plazan dagoen etxolatik hasi dira, eta adierazi dute ondoren gainontzeko hirurak konpontzea dela asmoa.

Une honetan 248 familia daude Astigarragan konposta egiten, eta 2023an 70.000 kilo inguru konpostatu dira. Udaletik nabarmendu dute biohondakinak kudeatzeko «sistema jasangarriena» dela: «Batetik, hondakin hori sortzen den lekuan kudeatzeko aukera ematen duelako, eta, bestetik, ongarri gisa erabil dezakegun konposta lortzen delako. Horregatik, hondakinen tasan hobari bat aplikatzen zaie parte hartzen duten familiei».

Norberto Almandoz plazakoaz gain, ondorengo eremuetan daude konposta egiteko etxolak: Erribera plazan, Urumea Berrin eta Arrobitxulo auzoan.

Etxe konposta eta auzo konposta egiteko aukera

Konponketa lanak hastearekin batera, Astigarragako Udaletik konposta egiteko dauden aukerak azaldu dituzte.

Lehenengo aukera konposta etxean bertan sortzea da. Horretarako, beharrezkoa da etxebizitzak lursail bat izatea, eta Udalak ahalbidetzen dio familiari beharrezko material guztia.

Bigarren aukera, berriz, auzo konposta egitea da. Honetarako ez da lursailik behar, eta konpontzen ari diren guneak erabili behar dira.

Astigartarren batek konposta egiten hasi nahiko balu, hondakinak@astigarraga.eus helbidera idatzi edo 900 10 28 38/617 29 53 78 telefono zenbakietara deitu dezakete.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!