Pasa den asteartean egin zuten maiatzeko osoko bilkura, Astigarragako udaletxeko pleno aretoan, eta zenbait gai izan ziren landutakoak, besteak beste, Plan Estrategikoa eta Agintaldi Plana, hainbat kontratu eta dirulaguntza.
Oinherri elkarteko bazkide laguntzaile izatea onartu zen astearteko Osoko Bilkuran; eta elkartearen nondik norakoen berri eman zuen Urdangarinek: «Oinherri Elkarteak hainbat ekimen garatzen ditu udalerrietan haurrekin, aisialdiko eredu berritzaile baten barruan. Elkartearen helburuak honela laburbildu daitezke: jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzailea eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea».
Elkartearen bazkidetza onartzeaz gain, Astigarragako udal eraikin, bulego eta instalazioak, eta ikastetxeak garbitzeko zerbitzu kontratua martxan jartzea erabaki zen: «batetik, 1. lotea, hau da, garbiketa arruntak (garbiketa orokorrak barne) Limpieza mantenimiento Impacto S.L enpresari esleitzea 640.586,65 eurotan (BEZ kanpo), lehiaketan punturik gehien lortu duen enpresa izan delako. Bestetik, 2. lotea, hau da, leihoak garbitzekoa, Gureak garbitasuna SLU enpresari esleitzea 31.358,81 eurotan (BEZ kanpo), lehiaketan punturik gehien lortu duen enpresa izan delako». Eta kirol instalazioen kudeaketarako zerbitzu emakida kontratuaren aldaketa ere onartu zuten, eta ziurtatu zuten kontratuaren aldaketa zerbitzu hauek haunditzeko helburuarekin egin dela: «batetik, igerilekua udaran denbora luzeagoz zabalik izateko, etor daitezkeen bero-boladei aurre egin eta babesleku klimatiko gisa. Eta bestetik, hainbat kirol jardueratan, besteak beste, Astigarragako Aktibatuz sareko ttipi-ttapa eta adinekoen gimnasia, zerbitzua haunditzeko, erabiltzaile kopuruari eta eskaerari aurre egiteko».
Amaitzeko, hainbat elkarteren dirulaguntza izendunak onartu zituzten; hala nola, Gure Izarra elkarteari 5.000 euroko dirulaguntza izenduna, 85 urtetik gorakoen omenaldia antolatzeko; Andre Mari Zeruratze parrokiari 3.600 euroko dirulaguntza izenduna elikagaien banaketarako; eta kultura arloko bi laguntza izendun; batetik, Astigar dantza elkarteari 21.800 euroko dirulaguntza eta Txirriskla txistulari elkarteari 9.725 euroko dirulaguntza. «Azken bi dirulaguntza hauek urteko jarduna garatzeko dira», gehitu zuen Urdangarinek.