Podiumera igotzetik oso gertu geratu zen Aimar Capdequi astigartarra, aurreko asteburuan, Araban. Araiako Done Pedro Sarian aritu zen, eta laugarren sailkatu zen, esprintean onenen pare arituta. Junior mailako Euskal Herria Torneorako puntuagarria zen lasterketa, torneoko laugarrena, 101,5 kilometroko ibilbidearekin.
Lasterketan zehar izan ziren ihesaldi saiakerek ez zuten arrakastarik izan, eta 44 txirrindulariko tropela iritsi zen elkarrekin azkeneko kilometrora. Esprintean jokatu zuten garaipena, eta bere abiadura erakutsi zuen Capdequik, meritu haundiko laugarren postua eskuratzeko. Talde berean, 35garren helmugaratu zen Unax Otegi hernaniarra.
Bezperan jokatu zuten, Araban bertan, Euskal Herria Torneoko hirugarren proba, Amurrioko Sari Nagusia. Horretan, Unax Otegi 20garren izan zen, zazpigarrenaren denbora berean.
Euskadiko Txapelketa jokoan gaur, Zegaman
Asteburu potentea izango da hau ere, txirrindulari juniorrentzat. Izan ere, Euskadiko Txapelketa jokatuko dute gaur Zegaman, arratsaldeko 15:30etan hasita.
Kadeteek zita bikoitza izango dute: Gaztetxoak Torneoko proba gaur, 16:30etan Etxebarrian; eta Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketa bihar, 17:00etan Bergaran. Afizionatu mailakoak Irunen ariko dira bihar, Euskaldun Torneoko proban: Done Pedro Sari Nagusia, 09:30etan hasita.