Astelehenean hasiko dira digitalizatzen laguntzeko saioak Astigarragan, herriko komertzio txikiarentzat

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 1a, 00:00

Beterri Buruntza Mankomunitateak antolatuta, doakoak dira, eta emailez eman daiteke izena, 'enpresa@beterriburuntza.eus' helbidera idatziz.

Digitalizazioa jomugan jarrita, lau saio antolatu dituzte Astigarragan, datozen asteotarako, herriko merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzuetako enpresa txikiei zein autonomoei zuzenduta. Beterri-Buruntza Mankomunitateak antolatu ditu, Astigarragako Udalarekin, Astigarragako Merkataritza Bulegoarekin eta Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargoarekin batera.

Astigarragako merkatarien beharrak jaso ondoren, lau saio prestatu dituzte digitaliazioan lagunduko dieten baliabideen berri emateko eta horien funtzionamendua erakusteko. Helburua da «negozioen digitalizazio beharrak lantzea eta Kit Digitaleko laguntzaren berri ematea», eraldaketa digitaleko prozesuan aurrera egiteko.

 

Saio guztiak, Astigarragako Kultur Etxe Zaharrean

Datorren astelehenean hasiko dira saioak, eta bi astetik behin egingo dute saio bana, astelehenetan. Astigarragan bertan izango dira denak, Kultur Etxe Zaharrean (Kale Nagusia 48), eguerdiko 14:00etan hasi eta 15:30ak arte.

Lehenengo saioan, etzi, Kit Digitaleko laguntzak izango dituzte hizpide. Bertan azalduko dute zein motatako dirulaguntzak diren Kit Digitalekoak, nola eskatu eta erabili daitezkeen, zertarako baliatu daitezkeen...

Ekainaren 17an izango da bigarren saioa, eta sare sozialei buruz ariko dira: Facebooki eta Instragrami buruzko saio aurreratua egingo dute.

Uztailean egingo dituzte azkeneko bi ikastaroak. Hilaren 1ean egingo dute horietako bat, adimen artifizialaren ingurukoa, tokiko garapen bizkortzaile gisa hartuta. Eta uztailaren 15ean izango da bestea, marketin digitalari buruzkoa, «erakusleiho egokia» eraikitzen ikasteko.

 

Doako izen-ematea, posta elektronikoz

Doakoak izango dira prestatu dituzten lau saioak, eta bakoitzak parte hartu dezake intereseko dituen saioetan. Horretarako, emailez eman daiteke izena, enpresa@beterriburuntza.eus helbide elektronikora idatzita, eta zein saiotan parte hartu nahi den zehaztuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!