Olveira garaile, Euskadiko BTT txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 30a, 00:00

Junior mailako txapeldun geratu zen, eta Espainiako Kopako liderra da. 

Sasoi betean dago Eneko Olveira txirrindulari astigartarra. Joan den asteburuan ere emaitza ezinhobea eskuratu zuen Oiartzunen jokatutako Gipuzkoako eta Euskadiko BTT txapelketan, junior mailan lehenengo postuan sailkatuta.

Denboraldi ederra osatzen ari da Olveira, eta lortzen ari den emaitzek horixe erakusten dute. Izan ere, Euskadiko txapela lortzeaz gain, Espainiako Kopako sailkapenean lehenengo postuan jarraitzen du. Azken bi probak geratzen zaizkio astigartarrari postuari eusteko.

Proba berean, Elite mailan zortzigarren postuan helmugaratu zen Gari Arizmendi, eta Gipuzkoako Txapelketa irabaztea lortu zuen. 

 

Gaztetxoetan bigarren postuan amaitu zuen Lizar Zubelzuk

Larunbat arratsaldean eskolarteko BTT proban aritu zen Lizar Zubelzu ereñotzuarra, eta bigarren postuan amaitu zuen proba.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!