Dagoeneko hasi da Astigarragako aurrekontu partehartzaileetan botoa emateko epea. 24 proposamen iritsi dira azken fase honetara, eta astigartar bakoitzak gehienez lau aukera ditzake. Internet bidez edo kalean jarriko diren mahaietan bozkatu ahal izango da.
Herritarrek egindako 237 eskaeren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertu ondoren, 24 proposamen azken fasera iritsi dira. Kanpoan geratzen dira udal-eskumenekoak ez diren, aurrekontua gainditzen duten edo bideragarritasun teknikorik ez duten gaiak.
Orain herritarren txanda da
Aurrekontu partehartzaileen azken fasera iritsita, orain, 16 urtetik gorako astigartarrek erabakiko dute 24 aukera horietatik zein dituzten gogokoen. Gehienez 4 aukera ditzake bakoitzak. 240.000 euroak boto gehien lortu dituen aukerara bideratuko dira.
Bozketa telematikoa izango da; udal webguneko zure zerbitzura/parte hartu atalean sartuta (www.astigarraga.eus/eu/parte-hartu). Lau aukera hautatu behar dira. Boto telematikoa emateko zailtasunak dituztenek kalean jarriko diren mahaietan eman ahal izango dute botoa, honako egun, ordu eta leku hauetan: Joseba Barandiaran plazan etzi asteartean, 11:30etatik 12:30etara; eta Kontxa Etxeberria plazan, asteazkenean, 19:30etatik 20:30etara.
24 proposamenetan denetik dago
Hauek dira 24 proposamenak:
1. Skate Park eta Parkour bat Portutxon
2. Rezola eraikinaren eraberritzeari ekin
3. Poligonoetako asfaltatzearekin jarraitu
4. Azoka-gune estali bat eraikitzea
5. Autokarabana gunea Portutxon
6. Kultur etxe zaharra gazteentzako espazio bilakarazteko urratsak ematen hasi
7. Anuska auzoaren hiritartze lanekin amaitu
8. Energia komunitatea sortu eta komunitatearentzat plaka fotovoltaikoak instalatu
9. Ludoteka zerbitzua martxan jarri
10. Kanposantuan kolunbarioa eraiki eta kanposantuaren eraberritzea
11. Txominenea pilotalekuaren eraberritzea
12. Harriko argiteria publikoa LED sistemara pasa
13. Pelotari plazaren eta haur parkean hobekuntza
14. Ergobia auzoaren eraberritzea
15. Santiagomendiko aterpea eta inguruak berritu
16. Mural parkea herrian zehar
17. Santiagomendi auzoaren hiritartzea
18. Oinezkoentzat eta bizikletentzat espazioak irabazi
19. Mungia parkean hobekuntzak
20. Udal sukalde komunitarioa sortzea
21. Herri bideetan egiten den inbertsioa ia hirukoiztea
22. Alokairu sozialeko etxebizitza parkea haunditzea
23. Ande Gobadarien ibai-parkea edo baratzeak zabaltzea Ergobian
24. Euskeraren aldeko politikak sustatu.