Fisioterapia orokorra ere lantzen duen arren, emakumeen zoru pelbikoan aditua da Sara Majarenas. Astigarragako Kale Nagusian dauka Eskuetan Fisioterapia zentroa, eta bertan artatzen ditu, asteazkenetik ostiralera, herritarrak.
Adin guztietako pertsonekin egiten dute lan Eskuetan zentroan, eta zoru pelbikoari «gizartean ematen ez diogun garrantzia» nabarmentzen dute bertan. Majarenasek argi azaltzen du zoru pelbikoak gorputzeko gainontzeko ataletan duen eragina haundia dela: «Emakumeen bizitzan zehar ondo zaindu behar den atal garrantzitsu bat da, bakoitzaren osasunari eragiten diolako. Osasuna modu integralean ulertzen dugu Eskuetan zentroan».
Fisioterapia lanean jarduteaz gain, hitzaldiak eta ikastaroak ere eskaintzen ditu Majarenasek. Astigarragako Emakumeon Etxean egin du azkena, eta bertan zoru pelbikoa eta emakumeen ahalduntzea uztartu ditu: «Normalizatu da adin batetik aurrera konpresarekin bizitzea. Mito asko zabaldu dituzte zoru pelbikoari buruz, emakumea ahultzeko helburuarekin. Horren aurrean uste dut ahalduntze prozesuaren parte dela zoru pelbikoa ezagutzea eta zaintzea».
Eskuetan Fisioterapian, batik bat, banakako arreta eskaintzen dute, bakoitzari tratamendu pertsonalizatua jartzeari ematen diotelako garrantzia: «Azkenean, denok gara desberdinak, adin eta momentu desberdinean gaude... Nahiz eta erditzeosteko prozesua izan, denok bizitzen dugu desberdin amatasuna, eta nik garrantzi haundia ematen diot prozesu indibidual horri».
Horregatik, taldean lan egin izan duenean Majarenasek beti aipatu du aholku orokorretan sakondu behar duela bakoitzak: «Oso zaila da horrelako gai batean orokortzea, ariketa bakoitzean postura ezberdina beharko duelako pertsona bakoitzak. Horregatik gustatzen zait gehiago bakoitzaren beharretara egokitzea».
Zoru pelbikotik hasita, norberak bere burua zaintzearen garrantzia ere azpimarratu du Majarenasek: «Zaintzak erdigunean jartzen ditut, eta eztabaida hau piztuta egotearen garrantzia oso haundia da niretzat. Emakumeengan zaintza asko uzten da, eta zaindu ahal izateko gure burua zaindu behar dugu lehenik».