Ez gaude ohituta minbiziaren aurkako tratamendua jasotzen ari diren pertsonen gorputzak normalizatzera, eta are gutxiago haien nahiak kontuan hartzera.
Minbiziaren errealitatea ez da berdina gaixotasun hau bizi duten pertsona guztientzat. Emakumea izatea, zure sexu-orientazioa, erlijioa, egoera emozionala, klase soziala, hezkuntza maila, gorputzaren funtzionaltasuna... ezaugarri hauetariko bakoitzak, zuzenean edo zeharka eragiten die minbizia bizitzen ari diren pertsonei. Minbizia dutenen % 20ak baino gehiagok tratamenduen ondorioak jasaten dituzte: aldaketa fisikoak, desioaren aldaketak eta autoestimuan edo asebetetze sexualaren arazoak.
Halakoetan, bulba dutenen artean aldaketa ohikoena baginako lehortasuna da. Nahiz eta honi aurre egiteko gelak behar beharrezkoak izan, tratamendu onkologikoan krema horiek ez ditu gizarte segurantzak ordaintzen. Tratamenduek, desira ere birrintzen dute. Eta zer gertatzen da minbizia duen pertsona batek harremantzeko gogorik ez baino desiratzeko gogoak izan nahi baditu? Eta sexu-plazera? Orgasmoa, ansiolitiko, analgesiko eta antidepresibo bikaina den hori, zergatik ez da aipatzen gaixotasun hau duten pertsonen kontsultetan? Bulba duten pertsonek klitoria izeneko organo zoragarria dute, plazerra emateko soilik sortua. Pentsa zein den garrantzitsua, Maiatzaren 28an Masturbazioaren Nazioarteko Eguna ospatzen da.
Gaixotasun hau bizi duten eta bizi izan duzuen guztioi sexualitate atseginerako kit bat uzten dizuet. Alde batetik, krema hidratatzaileak, lubrifikatzaileak, olioak…, tratamenduaren parte egin, eta arren sar ditzatela gizarte segurantza publikoan. Bestalde, sexu jostailuak, edo “voluntad de mandrágoras” jolasa bezalakoak erabiltzea, non araubiderik gabeko gorputzak eta sexu-aukera desberdinak ikus daitezkeen, penetraziorik gabeko aukera anitz eskaintzen direlarik. Entrenatu zure desira, ahalegindu errutina aliatu bihurtzen. Azkenik, ezagutu hainbeste aldatu den gorputza, konektatu! Laztandu zeure burua. Barre egin, abestu, dantzatu eta biluztu! Eta elkar maitatu, baldintzarik gabe, ekintza iraultzailea baita hau!
Iñurri erakundeak dioen bezala “minbizia ez da PINK, PUNK baizik”. Guzti hau ez da arrosa kolorekoa, marroia baizik, eta “marroi” handia gainera!
Sexualitatearekin lotutako bizipenak edo kezkak konpartitzeko, zatoz ZiRRara Astigarragako sexu eta bikote aholkularitzara. Zerbitzua doakoa, profesionala eta konfidentziala da. Zalantza puntualak edo jarraipenak egiteko aukera dago presentzialki edo on-line formatuan. Animatu eta hartu zure hitzordua.