Xakea gustoko duten herritarrek jarduera berezi batekin gozatzeko aukera izango dute bihar, Astigarragako Kontxa Etxeberria plazan. Ohikoak izaten dira buruz buruko xake partiduak, baina formatu hori biderkatu nahi izan du Astigarragako xake klubak, eta erakustaldi eder bat prestatu dute bihar goizerako.
Aldi berean 12-16 taulatan jokatzen arituko da Elisabet Ruiz Font xake jokalaria, eta bertako herritarrak izango ditu aurkari. Lehiaketa garrantzitsuetan emaitza bikainak lortutakoa da Ruiz; bere palmaresean ditu 18 urtez azpiko Espainiako eta Euskadiko garaikurrak, eta Kataluniako txapelketa, besteak beste. Azken hau, gainera, marka ederra jarriz eskuratu zuen, lehiaketa irabazi duen jokalari gazteena bihurtuta, 15 urterekin.
Biharko partiduak goizeko 10:00etan hasiko dira, eta eguerdiko 13:00ak arte arituko da bertan. Jokatu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute, astigarragaxake@gmail.com helbidera idatzita edo 623 99 12 77 telefono zenbakira deituta.