Euskaraz Barra-Barra kanpainaren ihes-gela ibiltaria Astigarragan izango da asteburuan. Joseba Barandiaran plazan egongo da ostiraleko 17:00etatik igandeko 22:00etara.
Ihes-gelak 17.logela du izena eta bere gaia honela laburbildu daiteke: Thotel luxuzko hotel kateak ehun urte daroatza euskal herritarrik ezagunenen loa zaintzen mundu osoan zehar. Urteurren biribil honetan, ibiltari bilakatu da, herritar guztiei bere izaretan lo egiteko pribilegioa eskaintzeko.
Ihes-gelan parte hartzeko gutxieneko adina 16 urtekoa da, eta taldean parte hartzen da, gehienez bost pertsonarekin.
Hauek dira Astigarragan eskainiko diren txandak (guztira 18):
Maiatzak 24, ostirala: 17:00/ 18:00/ 19:00/ 20:00; maiatzak 25, larunbata: 10:00/ 11:00/ 12:00/ 13:00/ 17:00/ 20:00; maiatzak 26, igandea: 10:00/ 11:00/ 12:00/ 13:00/ 17:00/ 18:00/ 19:00/ 20:00.
Ihes gelan parte hartzea doakoa da, baina hitzordua eskatu behar da https://ihes-gela.eus/ihes-gela/#erreserba-egin estekan.
'Euskaraz barra-barra' egitasmoaren barruan kokatzen da
Ihes gela Euskaraz barra barra egitasmoaren barruan kokatzen da. Herritarrek euskeraz hitz egin dezaketen guneak identifikatzen dituen ikurra da Euskaraz barra-barra. Kontsumitzailea erdigunean jarri eta estres linguistikoa murrizteko helburuarekin, Euskal Herri osora zabalduko da egitasmoa.
Egitasmoaren sustatzaileek diotenez: «Euskaraz norekin? Non? Noiz? Inoiz galdera hauek egin badizkiozu zure buruari, marka berri honek bidea argitzen lagunduko dizu; ikusten duzun tokian, euskara erabiltzeko aukera bermatuko baitizu. Herri eta hiri batzuetan hasi eta urtetik urtera Euskal Herri osora zabalduko den egitasmo hau aukera leiho bat da guztiontzat. Beraz, ikur hau ikusten duzunean, egin euskeraz!».
Euskaraz Barra-Barraren koordinazio mahaia Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Nafarroako Euskarabideak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak osatzen dute. Era berean, koordinazio mahaiaz gain, Euskal Herriko erakunde publiko zein pribatu ugarik, tokian tokiko euskara batzordeek eta hamaika boluntario eta entitatek ere osatzen dute egitasmoaren antolakuntza. Sare zabala ari da ehuntzen eta Euskal Herri osora zabalduko da pixkanaka.