Abian dira Apeztegiko igogailua eraikitzeko lanak

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 21a, 00:00

Apeztegiko igogailuaren kokalekua.

Igogailu publikoa 2025. urtearen hasieran jarriko da martxan, 8 hilabeteko lanen ondoren.

Udalaren helburu nagusietako bat, Astigarraga herritar guztientzat, haien gaitasunak edo egoera edozein direla ere, irisgarria izatea da. Eta, horrekin batera, herritar guztiek inolako oztoporik gabe zerbitzu eta instalazio publikoetara iristeko aukera izatea. Udala helburu horiek lortzeko lanean ari da, eta horren adierazle da garatu berri den Irisgarritasun Plan Estrategikoa, herria irisgarria izan dadin gauzatu behar diren esku-hartzeak identifikatzen dituena.

 

Igogailu publikoak

Apeztegiko igogailuak Apeztegi plaza eta Foru plaza lotuko ditu, eta herrian dagoen bigarren igogailu publikoa izango da. Igogailu hau eraikitzea oso urrats garrantzitsua da udalerriko irisgarritasuna hobetzeko.

2022ko abenduan, Arrobitxuloko igogailua inauguratu zen, eta, horri esker, Urumea Berri-Arrobitxulo inguruko bizilagunak erraz eta modu irisgarrian irits daitezke hainbat eraikin eta azpiegitura publiko nagusietara, hala nola, Herri Eskolara, udaletxera, pilotalekura, kiroldegira...

Aldiz, Ekialdean, une honetan, irisgarritasuna ez da egokia, eta igogailu horrekin herriko beste eremu horretan bizi diren herritarren irisgarritasuna bermatuko litzateke.

Apeztegiko igogailuaren kokapena dela eta (natura eta ingurune berdea), material berezia erabiliko da integratuta gera dadin.

Lanak Construcciones Urdinberri, S.L. enpresari esleitu zaizkio 446.240,85 eurotan (BEZa gabe), eta 8 hilabeteko epean gauzatzea aurreikusten da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!