Egitasmo berria jarri du martxan Emakumeon Etxeak, bakardadeari aurre egiteko. Astigarragan bizi diren emakumeei zuzenduta dago, bakarrik sentitu eta beste emakume batzuekin elkartzeko gogoa duten horiei. Asmoa da elkarren bidelagun izateko taldetxo bat osatzea, eta bide horretan, bi saio proposatu dituzte aste honetarako.
Gaur bertan izango da aurrenekoa, eguerdiko 12:15etatik aurrera; eta etzi egingo dute bigarrena, asteazkenez, eguerdiko 13:45etan hasita. Egoera horretan dauden emakume guztiei luzatu diete bertaratu eta parte hartzeko gonbitea. Bi saio horietan, gaiaz hitz egiteko aukera sortu nahi du Emakumeon Etxeak: «Bakardadeaz, herri bezala egoera honi nola egin diezaiokegun aurre, zer behar dugun, eta era berean, zer eskaini dezakegun».
Edozein zalantza edo galdera argitzeko, eta informazio gehigarria jasotzeko, Emakumeon Etxearekin jarri daiteke harremanetan. Hiru bide jarri dituzte aukeran horretarako: emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com helbide elektronikora idatzi, 648 417 157 telefonora deitu, edo Emakumeon Etxera bertaratu (Kale Nagusia 23).
'Emakumeon ahotsak plazara' emanaldia, hilaren 31n
Bestalde, eguraldiagatik atzeratu egin zen Emakumeon ahotsak plazara emanaldia, maiatzaren 17an izatekoa zena. Data berria zehaztu dute, eta hilaren 31n eskainiko dute, 18:30etan Emakumeon Plazan, Donostiako Ederlezi eta Hernaniko Goiz Eguzki abesbatzetako emakumeek.