Gaur borobilduko dituzte Ilarraren Jardunaldiak Astigarragan, urteroko zita nagusiarekin: Ilarraren azoka berezia jarriko dute Foru Plazan, goizeko 11:00etatik 14:00etara, Euskal Herriko beste hainbat produkturekin.
Gainera, inguruko baserrietako abereen erakusketa izango da bertan, eta haziei eta landareei buruzko tailer bat ere bai: 'Plantel', Marc Badal Hazierako (Cristina Enea Fundazioko hazien artxiboa) arduradunaren eskutik. Tomate landareak banatuko dituzte bertaratuen artean.
Eta ilar pintxoen dastaketa ere egingo dute Foru Plazan, Fede Pacha sukaldariak gidatuta eta sagardoarekin lagunduta.