Nabucco, Rigoletto eta La fille du régimenten parte hartu eta gero, Astigarragako Eragiyok gizon abesbatza laugarrenez agertu zen Irungo Amaia kultur zentroko oholtza gainean. Luis Mariano Lirika Elkarteak antolatu zuen ekitaldia 21garren denboraldiaren barruan, oraingoan, Guiseppe Verdiren II Trovatore opera ezagunean aritzeko.
Eragiyok abesbatzak azaldu du, musikagile italiarrak, ahots grabeen koruari pasarte nabarmenak eskaintzen dizkiola opera honetan. Eta oraingoan, Eragiyok Conte di Lunaren jarraitzaileen rolean aritu zen. «Agerraldiak soinu biribila erakusteko baliatu zituen, Aldo Salvagno zuzendariaren batuta argiak ederki gidatuta», gehitu dute abesbatzako kideek.
Gizonezkoen abesbatzak dio laugarren ekitaldian iritsi zela klimaxa: «non hasieran a capella zegoen koruak Miserere maisuki abestu zuen, kasu honetan trobadorearen arimaren alde otoitz egiten duten monjeen paperean. Eszena, oro har, bikaina izan zen, eta oilo-ipurdia jarri zion publikoari». Eragiyoken hitzetan «Irungo antzokia leporaino bete zen eta txarteldegian sarrerak agortu ziren». Ikusleek txalo zaparrada haundi batekin saritu zituzten gaueko parte hartzaile guztiak, «ustekabeko efektu bereziak izan zituen emanaldi baten arrakastaren erakusle, kanpotik zetorren ekaitz bortitzaren hotsek antzezpenaren errealismoa areagotu baitzuten».