«Eguneroko zurrunbilotik ateratzeko baliagarria da yoga»

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 18a, 00:00

Lanketa fisikoa, mentala eta espirituala uztartzen ditu yogak.

Duela hilabete bat zabaldu zituen ateak Haritzak. Alia Adhiak eta Miguel Saralegik jarri dute martxan proiektua, eta yoga saioak eskaintzen dituzte bertan. Erlaxatzeko teknika bikaina izateaz gain, gorputza lantzeko oso baliagarria dela nabarmendu dute. 

Gorputzeko zein atal lantzen da gehien yoga egitean?

Arnasketa eta gorputzaren ezagutza lantzen dira, batik bat. Postura ezberdinak egiten ditugu, eta mugimendu bakoitza arnasketarekin sinkronizatzen dugu. Esan dezakegu arnasketa bateratzen dugula gorputzeko atal guztiekin, giharretatik hasi eta artikulazioetara iritsita. Horrez gain, artikulazioak aipatzen ditugunean ezinbestean oroitu behar dugu malgutasunaz, yogaren oinarrizko helburuetako bat baita galdutako malgutasuna berreskuratzea. Laburbilduz, indarra, malgutasuna eta oreka lantzen ditugu, gorputza ahal den heinean dominatzen ikasteko. 

Momentuan zentratzea eskatzen du yogak, ezta?

Bai, hori da. Ariketak egiten dituzun bitartean gainontzeko guztia ahaztea bilatzen dugu. Lanketa fisikoa da, baina oso lotuta dago alderdi mental zein espiritualarekin. Erlaxatzeko bidea errazten du horrek.  

Saio mota ezberdinak eskaintzen dituzue Haritzan. Zein da bakoitzaren ezaugarria?

Saio guztien oinarria bera da, posturak eta mugimenduak ez direlako aldatzen. Esan dezakegu saio bakoitza oinarri horren aldaera bat dela; batzuetan indarra gehiago lantzen dugu, beste batzuetan oreka eta arnasketa, eta saio dinamikoagoak ere badauzkagu. Hatha yoga da oinarrizkoena, eta hortik datoz gainontzeko aldaerak. Vinyasa saioak, esaterako, azkarragoak eta intentsoagoak dira, kirol jarduerekin antzekotasun haundiagoa dute. Erlaxatzeko guztiak dira baliagarriak, baina intentsitatea aldatu egiten da. Horrez gain, haurrei zuzendutako ingelerazko saioak ere egiten ditugu. 

Zeintzuk dira yoga egitearen onurak?

Ongizatea dakar. Normalean, 40 urtetik aurrera arazo txikiak izaten hasten da jendea. Yogaren bidez giharrak lantzeko aukera ezinhobea dute, eta malgutasuna irabazten dute. Haurdunaldien ostean ere asko lagundu dezake yogak, galdutako indarra berreskuratzeko. Gorputzaren postura ere asko hobetzen du, oso modu orekatuan egiten delako lanketa. Guk edonori gomendatuko genioke yoga egitea, estresa duten horiei bereziki. Eguneroko zurrunbilotik ateratzeko baliagarria da, eta onurak berehalakoak dira.

 

ALIA ADHIA,
HARITZAREN SORTZAILEA

1982an Jakartan jaio zen, Indonesiako hiriburuan. Bere familia osoa (gurasoak, aiton-amonak...) Banda Aceh hiri ezagunekoak dira; Sumatra irlako iparraldean kokatzen da eta 2004an tsunami erraldoi batek eragindako kalte izugarriengatik egin zen ezagun.

Alia mundu osoan zehar ibili da, Europan, Asian, Ozeanian, Afrikan eta Amerikan. 'Cabine crew' edo hegazkineko laguntzaile gisa aritu zen lanean, eta horri esker ezagutu ditu nazioarteko giroa eta herrialde bakoitzeko erlijio, kultura, hizkuntza eta bizimoduak.

Garai hartan Miguel Saralegi donostiarra ezagutu zuen eta Jakartan ezkondu ondoren, Abu Dhabira bizitzera joan ziren.

Formenteran bizi zirenean jaio zen Aisha, bere lehenengo alaba. Euskal Herrira itzuli zen bikotea, eta Beran eta Donostian bizi ondoren, Astigarrara iritsi ziren 2018an. Bertan osatu dute 4 seme-alabako familia.

Seme-alaben hazkuntzari lehentasuna eman ondoren, eta Asiako hegoaldeko kulturan eta historian zehar garatu den Yogaren filosofia jarraituz, Yogaren jakintza zabaltzea erabaki du HARITZA YOGA proiektuaren bidez, Astigarragan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!