Pintxopote bereziarekin hasiko dira Ilarraren Jardunaldiak gaur, eta azoka izango da igandean

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 16a, 00:30

Astigarragako 12 tabernatan izango da ilarrarekin egindako pintxoak dastatzeko aukera, 19:00etatik aurrera. Onenak sarituko dituzte.

11garrenez egingo dituzte Ilarraren Jardunaldiak, gaur hasi eta igandera bitarte, Astigarragako Baratz Elkarteak, Behemendi-Donostialdea Turismoguneak eta Astigarragako Udalak antolatuta.

Azken urteetan ohikoa izan den pintxopotearekin hasiko dute ospakizuna. Herriko 12 tabernatan izango da ilarrarekin egindako pintxoak dastatzeko aukera, gaur arratsaldeko 19:00etatik aurrera: Beti Goxo, Bukoi, Ergo, Ibailur, Ikatza, Kaizoku, Kizki, Kupela, Laket, Pastoriza, Sagartxo eta Zipotza. Horien artean, pintxo onenak sarituko dituzte 21:30etan, sukaldari profesionalek osatutako epaimahaiaren eskutik.

Gaztetxoei zuzendutako ekintza batekin jarraituko dute jardunaldiek bihar. Goizeko 09:00etan, Astigarragako baratzetara bisita egingo dute, Herri Eskolako eta inguruko ikastetxeetako haurrei zuzenduta.

 

Ilarraren azoka berezia 
igandean, goiz osoan zehar

Igandean borobilduko dituzte Ilarraren Jardunaldiak, hitzordu nagusiarekin: Ilarraren azoka berezia jarriko dute Foru Plazan, goizeko 11:00etatik eguerdiko 14:00etara. Bertan, ilarraz gain, Euskal Herriko bestelako produktuak jarriko dituzte postuetan: artisau ogia, pastak, txerrikiak, Idiazabal gazta, mermeladak eta konfiturak, eztia... Eta inguruko baserrietako abereen erakusketa ere izango da.

Gainera, haziei eta landareei buruzko 'Plantel' tailerra eskainiko du Marc Badalek, Haziera (Cristina Enea Fundazioko hazien artxiboa) proiektuko arduradunak. Tomate landareak ere banatuko dizkiete bertaratuei.

Ilar pintxoen dastaketa ere egingo dute Foru Plazan bertan, Fede Pacha sukaldariaren laguntzarekin, sagardoa eta guzti.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!