Indartsu iritsi da Lurraldiaren hirugarren edizioa. Asteazkenean, San Isidro egunez, hasiko dira egitarau oparoko jarduerak, eta igandera arte izango da baserriarekin lotutako ekintzekin gozatzeko aukera. Astigarragako Udalak, Goldeak eta Baratze Elkarteak elkarlanean antolatutako festa da, eta aurkezpen prentsaurrekoan antolatzaileek nabarmendu zutenez, «garrantzi berezia» izango du aurtengoak, baserritarren sektorea bizitzen ari den «egoera txarra» dela eta.
Xabier Urdangarin alkateak adierazi zuen baserritarren lana «erakustea eta aitortzea» dela Lurraldiaren helburua. Horretarako, Lurraldiko egunak erreferentziazkoak izatea da antolatzaileen nahia. Antton Arka Goldeako kideak gehitu zuen «entzunak izateko beharrean» daudela baserritarrak, eta «jendearekin konektatzea» dela aurtengo beste helburuetako bat.
San Isidro eguna izango da Lurraldiaren lehenengo mugarria. Urteroko egitarauari jarraipena eman diote, baina idi-deman berritasun bat txertatu dute: Ipiñarrietaren eta Aranbarriren idiak orain arte plazaratu gabekoak izango dira. Goizeko jardueren ondoren, Elione baserriko familiari omenaldia egingo diote.
Illarrarekin lotutako jarduerak, ostegunetik aurrera
Illarraren pintxo poteak ere jarraipena izango du aurtengo Lurraldian. Astigarragako 14 tabernek hartuko dute parte lehiaketan, eta ostegun arratsaldean illarrarekin egindako pintxoak dastatzeko aukera izango da horietan.
Aurtengo edizioko azken eguna maiatzaren 19a izango da. Orduan ospatuko dute Illarraren Eguna, eta azoka berezia prestatzeaz gain, herriko baserrietako abereen erakusketa egingo dute Foru plazan.
Lurraldiak irauten duen bitartean zenbait kultur jarduera ere izango dira Astigarragan.
LURRALDIA 2024 ASTIGARRAGA MAIATZAK 15, San Isidro Eguna 09:30 Estanga trikitilariak. 10:00 Prozesioa eta meza. 11:00 Hamaiketakoa Gure Izarra elkartean. 12:15 Idi-demak. Ipiñarrieta eta Aranbarri idijabeen plazaratu gabeko idipareak. Egunean zehar Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña. 14:30 Herriko bazkaria eta Elione baserriari merezitako esker ona ematea. MAIATZAK 16 19:00 Illarraren pintxo potea. MAIATZAK 17 19:00 Julen Axpe umoregilea. Oiarbide baserrian. MAIATZAK 18 22:00 Eider abeslaria eta Modus Operandi taldea. Kontxa Etxeberria plazan. MAIATZAK 19, Ilarraren Eguna 10:30 Ilarraren azoka. Herriko ganadu erakusketa. |