Astigarragako Udala etxekonposta egiten duten herritarrei jarraipen bisitak egiten hasi da. Modu honetara, herritar bakoitzaren lanaren jarraipena egitearekin batera, erabiltzaileek izan ditzaketen zalantzak argitu nahi ditu Udalak. Jarraipen bisita adosteko Udalarekin harremanetan jarri behar da, 617 29 18 06 telefonoan edo hondakinak@astigarraga.eus helbidean.
Etxekonposta egiteko ardurak banatuta daude herritarren eta erakundearen artean. Udalak konposta egiteko beharrezkoak diren materialak eta informazioa helarazten dizkie herriko bizilagunei, eta horiek arduratzen dira konpostatze prozesua parametro egokietan garatzeko beharrezkoak diren lanak egiteaz. Horrez gain, etxekonposta egiten duten astigartarrek %40ko hobaria jasotzen dute hondakinen tasetan.
Astigarragako Udalak herritar guztiei luzatu die etxean konposta egiten hasteko gonbidapena: «Hondakin organikoak kudeatzeko modu jasangarriena da, eta, horregatik, udalak herritarrak animatu nahi ditu ekimenean izena ematera».