Pasa den larunbatean hasi zen Eragiyokek antolatutako Ahober zikloaren bigarren edizioa, Oñatiko Hots Abesbatzaren kontzertuarekin. 30 emakumek osatutako abesbatza da, Aitor Biainek zuzendua. Larunbatean, gainera, Amaia Zipitria pianojolearen laguntzaz eskaini zuten emanaldia, garai eta estilo ezberdinetako elizmusika eta euskal musika nahastuta.
Eragiyoketik azaldu dute kontzertua oso hari finez josi zutela oñatiarrek, garai bat bestearekin kateatuta: «Kontzertuaren lehenengo zatia XVI. mendeko doinuekin hasi zuten, eta Schuberten eta Mendelssohnen Erromantizismoko piezetatik edo Duruflé-ren musika inpresionistatik pasata, musika garaikideraino iritsi ziren, Joni Jensen eta Tadeja Vulc emakume musikagileen piezekin». Euskal doinuei dagokienez, Junkal Guerreroren, Eva Ugalderen eta Idoia Azurmendiren lanak oholtzaratu zituen Hots Abesbatzak: «Euskal emakume musikagileen lana agerian utzi nahi izan zuten», gehitu dute Eragiyoketik.
Kontzertu ofiziala amaitzerakoan oroigarria jaso zuten oñatiarrek, eta emakume baten haurdunaldia deskribatzen duen 'Bi bihotz' abestiarekin borobildu zuten emanaldia.
Eragiyoketik nabarmendu dute era ezinhobean hasi dela bigarren Ahober zikloa. Bigarren saioa irailean izango da, Segoviako TuttoVoce abesatzaren eta Eragiyoken eskutik.