Udal brigadak lanerako gune berri bat izango du Troia ibilbidean

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 29a, 00:00

Troia ibilbideko lokala egokitu dute brigadarentzat.

Lau lokal erosi ditu Udalak ibilbide horretan brigadaren jarduna bertara eramateko.

Astigarragako Udaleko brigadak lanerako gune berri bat izango du Troia ibilbidean. Brigadako langileek espazio horretan egingo dute eguneroko jarduna, eta, besteak beste, materialak, erremintak eta ibilgailuak biltegiratzeko ere erabiliko dute.

Udalak lau lokal erosi zituen Troia ibilbidean brigadaren jarduna bertara eramateko asmoz, langileei gune egokiagoa eskaini ahal izateko eta, bide batez, kiroldegiaren azpian erabiltzen ari diren espazioa libre utzi ahal izateko. Horrek ahalbidetuko baitu kiroldegia eraberritzeko lanak egitea.

Udal brigadaren lan-espazio berriak eraikitako 907.89 m2 ditu guztira, eta horietatik 880 m2 erabilgarriak dira. Lau lokaletatik hiru komunikatuta daude. Laugarrena udal tresneriaren biltegi gisa erabiliko da. Komunikatuta dauden hiru lokal horietatik bi guztiz lotuta geratu dira, banatzen zituen horma eraitsi delako. Gainera, altueran, erdiko solairu bat eraiki da. Lotuta geratu diren lokal horietan gauzatuko du udal brigadak haren jarduera; bertan gordeko dira haien ibilgailuak eta almazenatuko dira askotariko material eta tresnak. Espazioa langileek bertan eroso lan egiteko diseinatu da; izan ere, tresnak gordetzeko lekua izateaz gain, bilera gela bat, sukalde txiki bat, aldagela eta komunak eta karga-jasogailu haundi bat eraiki dira, besteak beste. Kostua 826.704,28 eurokoa izan da.

 

Lantoki berria prest du brigadak

Lanak eta egokitzapenak amaitu berri dira, eta brigadak prest du lantoki berria. Orain, altzariak eta tresnak eramaten ari dira eta espazioa antolatzen.

Udalarentzat proiektu estrategikoa da brigadaren lokala. Batetik, brigada indartzen ari delako (peoi berrien eta brigadako arduradunaren prozesuak martxan daude) eta langileek lokal egoki eta haundiago bat behar zutelako; eta, bestetik, aspaldiko asmoa zelako brigada kiroldegiaren azpitik ateratzea beste proiektu garrantzitsu bat bideratu ahal izateko: kiroldegia eraberritzeko lanak abian jartzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!