Eragiyok abesbatzak Ahober ahots berdinen abesbatza zikloa antolatuko du larunbatetik aurrera, bigarren urtez, Astigarragan. 2023an hasi zuen zikloa eta aurten jarraipena emango dio. Zikloa atzo aurkeztu zuten, Erribera kulturgunean, eta bertan izan ziren Eragiyoken ordezkari gisa Javier Oyarzun, Xabier Urdangarin alkatea eta Naroa del Orden kultura zinegotzia.
Bigarren edizioan ere hiru kontzertu eskainiko dira, hirurak Erribera kulturgunean, 19:00etan hasita. Lehendabizikoa larunbatean izango da eta Oñatiko Hots abesbatzaren ahotsak entzungo dira. Bigarrena irailaren 28an Segoviako TuttoVocek eta Eragiyokek berak eskainiko dute. Hirugarrena eta azkena, abenduaren 14an antolatu da eta Eragiyok abesbatzak eta Astigarragako Txirriskla Txistulari taldearen arteko elkarlana izango da.
«Behar genuen denboran iraupena zuen ziklo bat eta horretarako lehenengo edizioa ongi atera behar zen. Horrela izan zen eta ekitaldi berria antolatu dugu eskema mantenduz ñabardura batzuekin», nabarmendu zuen Javier Oyarzunek.
Abenduan kontzertu berezia, Txirrisklarekin elkarlanean
Larunbatean Oñatiko Hots abesbatzak bisitatuko du Astigarraga. Javier Oyarzunek aipatu zuenez, Ganbara Abesbatzaren oinarritik 2016an sortutako emakume abesbatza da. Aitor Biain Bidarteren zuzendaritzapean sortu zen eta gaur egun 40 kidek osatzen dute, nahiz eta larunbatean 32 izango diren Erriberan.
Irailaren 28an Segoviako TuttoVoce eta Eragiyok abesbatzen txanda izango da. Segoviarrek errepertorioan erritmo ugari sartzen dira (boleroak, habanerak, tangoak, poesia musikatua, musika tradizionala, umorezko doinuak...) eta musika hispanoamerikar herrikoia da nagusi. Abesti guztiek Miguel Gálvez Yubero zuzendariaren moldaketak dituzte eta Oyarzunek aipatu zuenez Eragiyokekin ongi uztartzen dira. «Pasa den urtean gu izan ginen bertan, ekainean, eta orain bisita guk jasoko dugu. Oso ongi abestu genuen beraiekin oso ezberdinak izan arren».
Hirugarrena eta azkena, abenduaren 14an eskainiko dute Eragiyokek eta Txirriskla Txistulari taldeak elkarlanean euskal doinuekin. «Urteko kontzertu berezia izango da. Ez da erraza, baina harreman berezia dugu eta aurretik gauza politak egin ditugu». Udalak doan Erribera uztea ere eskertu zuen Oyarzunek. «Ez da ohikoa».
Xabier Urdangarin alkateak aurkezpen hasieran Eragiyoken lana goraipatu zuen. «Poztekoa da, polita da Eragiyoken ibilbidea ikustea. Aurtengo zikloak ere izan dezala arrakasta».