Plan bikoitza prestatu du Astigarragako Emakumeon Etxeak, aste honen bukaerarako: amatasuna hizpide duten bi ekintza. Ostiralean, lehenik, zineforuma egingo dute, Emakumeon Etxean bertan, arratsaldeko 18:00etan hasita: 'A tiempo completo' filma ikusiko dute, gaztelaniaz; eta solasaldia egingo dute ondoren, Su Hernándezek gidatuta. Doakoa izango da saioa.
Paris garaikidean, ama ezkongabe batek jasaten duen bizi-erritmo frenetikoa jasotzen du filmak. Amatasunari eta lanari buruzko drama soziala da, «errealismo eta sentsibilitate izugarria» dituena.
Filmaren ondorengo solasaldian, aurreratu dutenez, partekatuko dituzte iritziak, eta pentsatuko dituzte estrategiak zaintza eta laguntza kolektiborako.
'Nekea amatasunean' tailerrerako, izenematea
Amatasunarekin lotutako tailerra izango da aste honetako bigarren ekintza, larunbat goizean: 'Nekea amatasunean' tailerra eskainiko du Izaskun Robledok, goizeko 10:00etan hasita Emakumeon Etxean.
Doakoa izango da hori ere, baina izena eman behar da aldez aurretik. Horretarako, mezua bidali behar da emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com helbide elektronikora. Zaintza zerbitzua behar duenak ere, bide horretatik jarri beharko du antolatzaileekin harremanetan, ahalik eta azkarren.
Honela aurkeztu dute tailerra: «Emakume askok onartzen dute nekatuta, gainezka eginda eta estresak jota daudela amatasunean. Horrek zaildu egiten du eguneroko bizitzaz gozatzea eta norbere buruarekin eta haurrekin harreman harmonikoagoak izatea. Bizipenetan oinarrituz, aztertuko dugu nork bere burua entzutea, eta ezagutuko ditugu amatasuna modu gozagarrian bizitzeko aukera emango diguten baliabide ezberdinak».