2023-2024 ikasturteko lehenengo Udal Foroa izan da martxokoa, eta Astigarragako Udalak aditzera eman du bertan ikasleek kurtsoan zehar egindako lana aurkezteko aukera izan dutela. Alkateak eta ingurumeneko zinegotziak azalpenak arretaz entzun zituzten. Bestalde, Udal ordezkariek, ikasleek 2023ko ekaineko foroan egindako eskaera eta proposamenei erantzun zieten, «eta herrian egin diren eta egingo diren hobekuntzen eta aldaketen berri ere eman zitzaien», gaineratu du Udalak. Azkenik, Herri Eskolak eta Udalak energia aurrezteko eta energia berriztagarriak sortzeko elkarrekin abiatu ditzaketen ekimenak ere adostu zituzten.
Udalak dio ikasturte honetan zehar honelako ekimenak egin dituztela, eta ondorengo adibidea elkarbanatu du: «Herri Eskolako galdara-gelari buruz egindako saioa. Eskolan gehien kontsumitzen duen arloa berokuntza da, hori dela eta, saioaren helburua ikasleek ura berotzeko sistema hobeto ezagutzea zen. Saio hori Imanol San Sebastian Udaleko teknikariak eskaini zien ikasleei, eta galdarari buruzko azalpenak emateaz gain, ura berotzeko sistema ere erakutsi zien».
Eta amaitzeko, hasi berri den hiruhilekoari buruz ere jardun du Udalak, ondorengoa adieraziz: «energiaren gaia jorratzen jarraituko dute, eta egin beharreko zenbait lan zehaztu dituzte; besteak beste, komunikazio eta sentsibilizazio-kanpaina bat abian jartzea, eskolako teilatuan dauden plaka fotovoltaikoen funtzionamendua aztertzea eta baratzeak bisitatzea».