Gabirian du hitzordua bihar Astigarragako Eragiyok abesbatzak, euskal musikako emanaldia eskaintzeko

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 20a, 00:00
Sardinian 'Cantigos in Carrela' otsaileko jaialdian.

Bihar eguerdiko 12:15etan eskainiko du emanaldia Astigarragako gizon abesbatzak Gabiriako elizan.

Urteko bigarren hilabetean, Sardinian egin zen Cantigos  in Carrela jaialdian hartu zuen parte Astigarragako Eragiyok gizon abesbatzak, eta martxoan, berriz, lehenengo disko grabazioa egin ostean, Euskal Herriko kontzertuetara itzuliko da. Bihar eskainiko dute emanaldia, eguerdiko 12:15etan Gabiriako elizan, eta bertako seme izan zen Valentin Larrea musikaria oroituko dute bertan. 

Bihar euskal musikako kontzertua emango du Eragiyokek, eliz-musikako zein folkloreko obrak abestuz: «modu honetara, Aita Donostia, Sorozabal, Santesteban edota Aranbururen obra ezagunak entzun ahal izango dira». Abesbatza Ander Simalen zuzendaritzapean arituko da, eta Miren Gabirondo laguntzailea izango dute pianoz eta eskusoinuz.

 

Udaberriari hasiera

Gabiriako emanaldiarekin, hasiera emango dio udaberriko kontzertuei, hainbat konpromiso baititu abesbatzak, aurrera begira: «Datorren igandekoaren ondoren, maiatzean Irunera joango gara laugarren aldiz Luis Mariano Lirika Elkarteak antolatutako opera denboraldian parte hartzeko. Oraingoan Giuseppe Verdiren Il Trovatore antzeztuko dugu. Ekainean berriz, Donostian urtez urte egiten den Aita Donostia Musika Astearen 26. ekitaldiaren barruan kontzertua emango dugu».

Ezin da ahaztu ere, datorren astean aurkeztuko dutela Astigarragan antolatzen duten Ahober abesbatza zikloa, apirilaren 27an lehenengo hitzordua izango duena Oñatiko Hots Abesbatza emakumeen taldearen eskutik.

 

Larrearen obraren berreskuratzea

Valentin Larrea musikaria oroituko dute bihar, «Gabirian jaioa, musikagile eta pianista emankorra izan zen: pianorako, organorako, harizko taldeetarako, abesbatzarako... lanak idatzi zituen», azaldu dute abesbatzako kideek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!