100 ekimen zehatz, Astigarragan euskeraren erabilera sustatzeko

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 18a, 00:00
Ainara Vazquez, Iker Goñi, Garazi Redondo eta Xabier Urdangarin.

2024-2029 urteetarako Euskararen Plan Estrategikoa aurkeztu zuten atzo, Astigarragako Udalak eta AHIZE-AEKk.

Astigarragan euskeraz bizitzeko helburu nagusiarekin, Euskara­ren Plan Estrategikoa landu eta osatu dute Udalak eta AHIZE- AEKk; eta horren baitan, 100 eki­men zehatz markatu dituzte, arlo ezberdinetan eragiteko eta eus­keraren erabilera sustatzeko.

Atzo aurkeztu zuten plana, Xabier Urdangarin alkateak, Ainara Vazquez Euskara zinegotziak, eta Iker Goñi eta Garazi Redondo AHIZE-AEKko kideek.

«Urteak daramazkigu Buruntzaldea mailan hainbat ekintza antolatzen, eta Astigarragan bertan ere aspalditik ari gara lanean, euskera sustatzeko ekintzekin. Hori guztia biltzera eta jauzi kualitatibo bat ematera dator plan estrategikoa. Momentu garrantzitsua da, etorkizunera begira jartzeko, helburu nagusi batekin: euskeraz bizitzea», nabarmendu zuen alkateak.

Horretarako, hausnarketa eta eztabaida prozesu bat burutu dute, etorkizuneko erronka na­gusiak identifikatzeko. «Partehartzean» oinarritu dute plana: «Lankidetzan osatu dugu, udaleko ordezkari tekniko eta politikoekin, hainbat diziplina eta eremutako tokiko eragileekin, eta parte hartu nahi izan duten herritar guztiekin». 

Hiru helburu nagusi izan di­tu lanketak. Bata, euskeraren egungo egoera ezagutzea, Asti­garragako errealitate soziolin­guistikoaren argazki zehatza eginez, azken 20 urteetako datuak kontuan hartuta. Bigarrena, gako nagusiak zehaztea, bi­lakaera aztertu ondoren. Eta hirugarrena, etorkizunerako lan-ildo nagusiak diseinatzea, to­ki­ko indarguneak eta ahulguneak ezagututa.

 

Euskeraren ezagutza gora, baina erabilera behera

Iker Goñik eta Garazi Redondok azaldu zutenez, diagnostikoa egi­teko eta plana lantzeko, kontuan hartu dituzte datu soziolinguistikoak eta herritarrengandik jasotako informazioa. Galdetegi baten bitartez, 65 herritarren erantzunak jaso zituzten, eta 10 elkarrizketa ere egin zituzten. Euskeraz ez dakitenengana iristeko saiakera ere egin zuten.

Diagnostiko horren emaitzak azaldu zituen Ainara Vazquezek, eta nabarmendu zuen, euskeraren ezagutzak gora egin duela Astigarragan, baina haunditzen ari dela ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea: «Azken 20 urteetan, euskeraren ezagutzak bost puntu egin du gora, baina azkeneko bi neurketen artean, zazpi puntuko beherakada izan da erabileran, eta kale erabilera %30 ingurukoa da». Azaldu zuenez, haur eta gazteek erabiltzen dute gehien euskera kalean, baina azkeneko neurketan «inoizko daturik bajuenak» bildu zituzten, gazteen artean erabilerak gora egin duen arren. «Adi jarraitu beharreko joerak dira, horiek markatuko baitute etorkizuneko euskeraren erabilera herrian». Azkenik, etxeko hizkuntzaren bilakaerari dagokionez, aditzera eman zuen euskera «gero eta gutxiagotan» dela etxeko hizkuntza, euskaldunak diren familietan; eta astigartarren laurdenak baino gutxiagok duela euskera etxeko hizkuntza gisa.

Horren aurrean, «lan haundia» dagoela nabarmendu zuten, baina euskeraren ezagutza maila altua izanik, badagoela erabilera datuak hobetzeko aukera, «aldeko olatu eta sustapen lan egoki batekin», eta Astigarraga UEMAko kide dela baliatuta.

 

Arlo bakoitzean, hainbat ekimen zehatz

Horretara bideratu dituzte indarrak, Plan Estrategikoaren osaketa egiterakoan. Egindako lanketa, Eusko Jaurlaritzaren 'Aroa' planaren (euskera indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko plan berria) parametroetara eta zazpi ardatzetara egokitu dute: gobernantza, jarrerak eta motibazioak, ezagutza eta gaitasunak, erabilera eta elkarreragina, berrikuntza, ikerketa-sistematizazioa, eta komunikazio hedapena.

Guztira 100 lan ekimen zehatz jaso dituzte planean, eta arlo bakoitzeko esanguratsuenak eman zituzten aditzera:

-Bi urteko epean Astigarragako Euskara Kontseilua sortu, eta herrian euskeraren arloan lan egiten duten eragileak saretu.

-Jarreran eta motibazioan eragin, euskaldun izatearen kontzientzian eragiteko hainbat ekimen abian jarriz. Bereziki, gurasoenganako sentsibilizazioan eta Herri Eskolarekiko lankidetza estuan zentratuko da.

-Euskeraren erakargarritasu­na lantzeko, kirol arloari arreta berezia eskaini: prestatzaile eta entrenatzaileei zuzendutako saioak, eta kirol-munduko euskal erreferenteekin sentsibilizazio-kanpainak.

-AEKrekin elkarlanean, euskera ikasteko eskaintza zabaltzen eta indartzen jarraitu. Euskara ikasteko dirulaguntzak berrikusi, doakotasuna helburu; eta egoitza berria inauguratuko da Nabarra-Oñatzen.

-2025-2026rako harrera-planaren garapenean, hizkuntza zeharkakotasunez landu.

-Erabilerari dagokionez, euskera eguneroko bizitzan eroso erabiltzeko estrategia espezifikoak garatu.

-Euskararen erabilera sustatzea helburu duten proiektuak finantzatzen jarraitu.

-Tokiko establezimenduekin lankidetzan, euskerazko zerbitzuen eskaintza sustatu, estrategikotzat jotzen diren eremuei arreta berezia eskainiz.

-Aisialdira bideratutako euskerazko kultur eskaintza zabala eskaintzen jarraitu, bereziki haur eta gazteentzako eskaintza zainduz.

-Astigarragako euskeraren his­toria sozialari buruzko beka berri bat abian jarri.

 

Iñaki Iurrebasoren hitzaldia, apirilaren 25ean Erriberan

Gaiarekin lotuta, hitzaldia eskainiko du Iñaki Iurrebaso UEMAko ikerketa teknikariak, apirilaren 25ean: 'Euskararen egoera gaur. Zer diote datuek?'. Erriberan izango da, 18:00etan; eta Astigarragako datu soziolinguistikoak interpretatzeko begirada berri bat eskainiko du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!