Aste berezia prestatu du Dantzaz konpainiak astigartarrentzat, eta gaur borobilduko du, 'Distirak' ikuskizuna eskainita. Iluntzeko 20:00etan izango da hori, Erribera kulturguneko areto nagusian. Sarrerak eskuragarri daude, astigarraga.eus atarian eta Erriberan bertan: helduenak 8 euroan, eta adin txikikoenak 4 euroan.
Berezia izan da astea, gaurko saioaren aurretik Astigarragako Herri Eskolarekin aritu direlako lanean, astean zehar. Izan ere, tailer koreografikoa eskaini die Dantzaz konpainiak, Herri Eskolako LH5 eta LH6 mailetako ikasleei. Gainera, saio horietan landutakoa, atzo arratsaldean dantzatu zuten jendaurrean ikasleek, Erribera kulturgunean bertan, 'Dantzabideak' izenburupean. Doakoa izan zen emanaldirako sarrera, eta herritar asko bertaratu ziren herriko gaztetxoek eskaintzeko zeukaten ikustera.
'Distirak' dantza-triptikoa, hiru koreograforen eskutik
Dantza garaikideko ikuskizuna da 'Distirak', gaur eskainiko dutena. Dantza-triptiko gisa definitu dute, hiru zati izango dituelako, bakoitza koreografo nabarmen batek prestatu eta gidatutakoa. Konpainian nazioartean izandako kolaborazioen emaitza da ikuskizuna, eta uztartzen ditu «frexkotasuna, kolore biziak eta ikus-entzuleekin lotura unibertsala».
'Staff' izenekoa da aurreneko zatia, Giovanni Insaudok gidatutakoa, Davidson Jaconelloren musikarekin. «Dantza konbentzionaletik harago doa, barne-esperientzia bat da. Koreografia-sorkuntzen atzeko dimentsio berri eta zirraragarrietan murgiltzera gonbidatzen ditu ikusleak. Haien jakinmina piztu eta esperientzia paregabea sortu nahi du Insaudok, teloiaren atzean gertatzen den guztiarengatik harridura pizteko», aurreratu dute.
Bigarren zatia, 'Pink' izenekoa, Alexandros Stavropoulosen sorkuntza da, berak eta Konstantina Polychronopoulouk egindako musikarekin. Iazko uztailean jaso zuen Dantzazek koreografo greziarraren bisita. 'Pink' ikuskizunean, gai multzo «liluragarria» jorratu du: feminitatea, kolorea, umorea, polirritmia, musikaltasuna... «Hori guztia, 'kitsch'aren eta animearen arteko estetikan kokatzen da, ezohiko perspektibekin, narrazio erakargarriarekin, eta edertasuna bitxikerian aurkitzen saiatuz».
Eta Sarada Sarita koreografoaren lana da hirugarren zatia, 'Verdantz' izenekoa, Oreka TX taldearen musikarekin. Horretan, «dinamika, indar eta kontraste ugari» nahasten dira, «koreografoaren ikuspegi artistikoa transmititzeko eta denek senti dezaketen historia unibertsal bat kontatzeko». Kultura indigenetan eta haiek naturarekin duten loturan dago oinarrituta lana, eta Oreka TX taldearekin daukan lankidetzaz elikatzen da, «aparteko soinu-banda sortu baitute, naturatik bertatik ateratako elementuetatik». Horrek guztiak «erreinu batera» eramango ditu ikusleak, «non dantza mundu naturalarekin elkarrizketa bat den, non urrats bakoitza Lurraren esentziarekin lotuta dagoen», Dantzaz konpainiak nabarmendu duenez.