Urtetako ohitura da Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunak eta astigartarrak lotzen dituena, urtean bi aldiz. Elkartruke topaketak egiten dituzte Astigarragako Txirriskla elkarteak eta Iruñeko Alde Zaharreko erraldoi eta kilikien konpartsak: urte sasoi honetan bata, iruindarrek Astigarragara bisita eginez; eta irailean bestea, astigartarrak San Fermin Txikito jaietara joaten direnean.
Eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Gaur bertan etorriko dira erraldoiak eta kilikiak Astigarragara, kaleak eta plazak alaitzera. Eguerdiko 12:00etan elkartuko dira herritarrekin, Foru Plazan; eta kalejiran abiatuko dira bertatik, Txirrisklako txistulariekin eta dultzaineroekin batera.
Kolorez beteko dituzte herriko txokoak, eta giro ederra piztuko da Astigarragako erdigunean, urtero bezala. Izan ere, jendetza bertaratu ohi da kilikiak eta erraldoiak ikustera, eta baita maskuri kolpe batzuk gustura jaso ere, jai giroan.