Dagoeneko amaitu da Astigarragako Udaleko aurrekontu partehartzaileen lehenengo fasea. Jada itxi dute proposamenak aurkezteko epea, eta Udaletik zenbait datu argitaratu dituzte.
Herritarrek aukera izan dute 240.000 euro zertara bideratzea nahi duten zuzenean adierazteko. Guztira, 50 eskuorri jaso dira herrian zehar jarritako postontzietan, eta 101 formulario bete dira internet bidez. Hortaz, 237 proposamen jaso ditu Astigarragako Udalak prozesuaren lehenengo fasean.
Bigarren fasean herritarrek egin dituzten proposamen guztiak sailkatu eta aztertuko dituzte, zenbait irizpide kontuan hartuta: «Besteak beste, aurrekontuaren barruan dauden, teknikoki egingarriak diren eta Udalaren eskumenak diren». Astigarragako Udaletik adierazi dute oraingoz ezin dutela eperik zehaztu: «Proposamenen azterketaren araberakoa izango da epea, baina apirilaren amaierarako azterketa amaituta egotea aurreikusten dugu».
Bigarren fasea amaitu orduko, prozesuaren azken urratsak herritarren esku geratuko dira. Izan ere, Udalak bideragarritasun irizpideak betetzen dituzten proposamenen zerrenda argitaratuko du, eta herritarren bozkaketaren bidez hartuko da azken erabakia.