Hitzaldi zikloa azken txanpan sartu da dagoeneko; izan ere, hiru hitzaldi besterik ez dira falta zikloa amaitzeko, eta oraindik ere zabalik dago hiruetarako izenematea; 943 33 50 64 telefonora deituta egin daiteke, edota euskaraetahezkuntza@astigarraga.eus helbidera idatzita.
Urtarrilean eman zitzaion hasiera hitzaldi zikloari, eta dagoeneko jorratu dituzte hainbat gai; hala nola, pornografia, pantailak, arauak eta mugak, eta hezkidetza.
Aipatu moduan, hiru saio bakarrik falta dira hitzaldi zikloari amaiera emateko, eta gaur eskainiko da horietako bat. Jessica Rodriguez izango da hizlaria, eta substantziarik gabeko adikzioei buruz arituko da. Adikzio mota horien adibideak dira kirol-apustuak, ausazko joerak eta bideojokoak. Hitzaldi honekin familiei beharrezko informazioa, prestakuntza eta aholkularitza emango zaie.
Azken bi hitzaldiak, berriz, maiatzean izango dira; nerabeen drogen kontsumoari eta pantailen kudeaketaren atzean ezkutatzen diren gaiei buruzkoak, hain zuzen. Maiatzaren 16an izango da aurrenekoa; Ekuako Ane Lekandak drogen kontsumoari buruzko hizketaldia eskainiko du, eta hizlariak, kontsumoa kudeatzeko, saihesteko eta hautemateko tresna praktikoak eskainiko ditu. Maiatzaren 30ean izango da hitzaldi zikloko azken saioa, eta pantailen kudeaketa izango du ardatz. Eider Fernandezek pantailen atzean hainbat gai ezkutatzen direla azalduko du, eta errealitatea hobeto ezagutzeko gaiari buruz hausnartzeko gakoak ere eskainiko ditu.
Hitzaldi guztiak Erribera kulturgunean izango dira, denak arratsaldeko 18:00etan, eta parte hartu ahal izateko beharrezkoa da aurretik izena ematea.