«Gai sakona» landuko dute gaur, Erribera kulturgunean. Arratsaldeko 18:00etan hasita, suizidioari eta osasun mentalari buruzko mahai-ingurua egingo dute, euskeraz eta gaztelaniaz aldi bereko itzulpenarekin. Oraindik ere tabuak diren gaiak azaleratzeko helburuarekin antolatu dute saioa. Astigarragako Udalak antolatutako mahai-ingurua izango da, eta Biziraun (Maite dugun norbaiten suizidioak mindutako pertsonen elkartea)ren laguntzaz prestatu dute: «Inguruan tokatzen zaigunean minik ez emateko helburuarekin ez dugu jakiten zer esan edo nola jokatu».
Elkartearen helburu nagusia da maite duen pertsona baten suizidioa jasan duen orori elkarretaratze eta laguntza gune bat eskaintzea, «eta horrekin batera, besteak beste, suizidioaren prebentzioa sustatu eta babestu nahi dugu. Ondorioz, suizidioa osasun publikoko arazo gisa ikustarazteko, sentsibilizazio eta heziketa lantzea dugu xedea».
Gaurko mahai-inguruan, Biziraun elkarteko kideek hartuko dute hitza, honakoek hain zuzen: Iratxe Etxenike, Laura De la Iglesia eta Aitziber Garmendia. Dinamizatzaile papera, berriz, Agustin Erkiziak egingo du.