'Dantzabideak' izeneko emanaldian hartuko dute parte etzi Herri Eskolako ikasleek, Erriberan

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 10a, 00:00

'Distirak' izeneko emanaldia eskainiko du Dantzaz konpainiak, larunbatean.

Dantzaz konpainiak tailer koreografikoa eskaini die Herri Eskolako ikasleei, eta etzi izango da praktikatutakoa oholtzaratzeko garaia. Horrez gain, larunbatean, 'Distirak' izeneko dantza garaikideko ikuskizuna eskainiko du Dantzaz konpainiak.

Dantzaz konpainiak bi geldialdi egingo ditu Astigarragan; etzi, eta larunbatean. Etzi, Astigarragako Herri Eskolako LH5 eta LH6ko ikasleen txanda izango da, izan ere, Dantzaz konpainiak tailer koreografikoa eskaini die eta hori praktikan jartzeko unea heldu zaie astigartar gaztetxoei. Emanaldia arratsaldeko 15:30etan izango da Erriberan, eta doakoa izango da. 

Etziko emanaldian Astigarragako ikasleak izango dira protagonista, baina larunbatean, ordea, Dantzaz konpainiak hartuko die lekukoa, 'Distirak' izeneko emanaldiarekin. Arratsaldeko 20:00etan hasiko da ikuskizuna, eta sarrerak 8 euroko prezioa du helduentzat, eta 4 eurokoa, 18 urtez azpikoentzat. Dantza garaikideko ikuskizun hau, adierazpen artistikoan eta mugetatik haratagoko mugimenduan barrena doan bidaian oinarritzen da. Dantzazek, nazioarteko berrikuntza eta kalitatearekiko duen konpromisoan, freskotasuna eta kolore bibratzaileak uztartzen dituen dantza-triptiko bat aurkezten du, «publikoarekin oso lotura berezia sortzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!