Jessica Rodriguezek substantziarik gabeko adikzioei buruzko hitzaldia eskainiko du bihar, Erriberan

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 9a, 00:00
Kirol-apustuak, ausazko jokoak, bideojokoak… hizpide izango ditu Jessica Rodriguezek, biharko hitzaldian.

Arratsaldeko 18:00etan hasiko da hitzaldia, eta bertaratu nahi duenak 943 33 10 67 telefonora deituta eman beharko du izena, edota euskaraetahezkuntza@astigarraga.eus helbide elektronikora idatzita.

Bihar arratsaldeko 18:00etan, 'Substantziarik gabeko adikzio­ak. Zer egin dezake familiak?' hitzaldia eskainiko du Jessica Rodriguezek, Erriberan, Treba Gurasoak programaren baitan. Hitzaldiarekin, gurasoei aholkularitza eman nahi zaie adikzioen gaiari aurre egiteko, beharrezko informazioarekin eta prestakuntzarekin «seme-alabek balio eta portaera-jarraibide egokiak eskura ditzaten».

Era berean, Treba Gurasoak programaren xedeak dira, besteak beste, familiak osasunerako hezkuntzan duen prebentziozko zereginaren garrantzia sustatzea; jokabide-mendekotasunei buruzko ezagutzak eta oinarrizko informazioa ematea, bereziki kirol-apustuei eta ausazko jokoei buruzkoa, eta horiekin lotutako arrisku espezifikoei buruzkoa; eta haien aurrean modu positiboan erantzuten lagunduko dieten trebetasunak eta estrategiak ematea.

Beraz, hau guztia lortzeko, ondorengo gaiak landuko dituzte: 'Zer da jolasa? Joko osasungarria versus joko patologikoa'; 'erakargarri eta mendekotasun-ahalmen bihurtzen dituzten jokoen ezaugarriak'; 'arazo ez bihurtzeko gakoak'; 'kontsumo edo erabilera arazotsuak goiz atzematea'; eta 'zer egin dezake familiak?'.

Trebatzailearen azalpenak teoriko-praktikoak izango direla azaldu du Jessica Rodriguezek, eta horretarako, talde-dinamika ezberdinak sortuko dituzte, «parte hartzea sustatzeko eta familiek prebentzio-lan egokia egiteko estrategiak eta tresnak eskuratu ahal izateko». Horrez gain, bideoak jarriko ditu ikusgai Rodriguezek hitzaldian. Modu honetara, tailerretan parte hartzen duten pertsonek taldean eztabaidatzeko teknikak, simulazio-teknikak eta abar erabiliko dituzte.


Bertaratzeko, izena ematea beharrezkoa

Hitzaldira bertaratzeko, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea. Horretarako, 943 33 10 67 telefonora deitu dezakete interesatuek, edota euskaraetaghezkuntza@astigarraga.eus helbide elektronikora idatzi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!