Suizidioa hizpide, etziko mahai inguruan

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 8a, 00:00

Biziraun elkarteko kideak eta Aitziber Garmendia aktorea izango dira saioko hizlariak.

Gai sakona landuko dute asteazken honetan Erribera kulturgunean. Arratsaldeko 18:00etan hasita, suizidioari eta osasun mentalari buruzko mahai ingurua egingo dute bertan. Oraindik ere tabuak diren gaiak azaleratzeko helburuarekin antolatu dute saioa. Astigarragako Udalak antolatutako mahai ingurua izango da, eta BIZIRAUN: Maite dugun norbaiten suizidioak mindutako pertsonen elkartearen laguntzaz prestatu dute: «Inguruan tokatzen zaigunean minik ez emateko helburuarekin ez dugu jakiten zer esan edo nola jokatu».

BIZIRAUNen helburu nagusia da maite duen pertsona baten suizidioa jasan duen orori elkarretaratze eta laguntza gune bat eskaintzea: «Horrekin batera, suizidioaren prebentzioa sustatu eta babestu nahi dute; ondorioz, suizidioa osasun publikoko arazo gisa ikusarazteko, sentsibilizazioa eta heziketa lantzea dute xede», azaldu du Astigarragako Udalak.

Bide horretatik joango da etziko mahai ingurua. Elkarteko zenbait kidek hartuko dute hitza: Iratxe Etxenikek, Laura de la Iglesiak eta Aitziber Garmendiak. Dinamizatzaile lanetan, berriz, Agustin Erkizia arituko da.

«Hizlariek gertakari gogorrak bizi izan dituzte oso gertutik eta euren bizipenetatik abiatuta, gaiarekiko mitoei eta testigantzei tartea eskainiko diete», azaldu dute.

Saioan parte hartzeko aukera irekia izango da, eta hitzartze guztiak euskera hutsean izango diren arren, gaztelaniara aldi bereko itzulpen zerbitzua eskainiko dute. Ez da beharrezkoa aurretik izena ematea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!