Aitaren eta alabaren arteko komunikazio haustura ehunduko dute bihar, Erriberan

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 6a, 00:00
Aitaren eta alabaren arteko harreman berezia oholtzaratuko dute bihar. Argazkia: Mikel Martinez.

Tanttaka teatroak haur eta familiei zuzendutako 'Mundua pitzatuta dago, baina hantxe gabiltza oinez' antzezlana oholtzaratuko du bihar arratsaldeko 17:00etan, Erriberan. Sarrerak 6 euro balio du helduentzat eta 3 euro txikientzat. 'Bibe.eus' atarian erosi daitezke, edota Erriberako leihatilan.

Apirilaren 2an haurren liburuaren nazioarteko eguna izan dela aitzakia hartuta, haur eta familientzako antzerki aproposa ekarriko du bihar Tanttaka teatroak astigartarren artera, arratsaldeko 17:00etan. Antzezlan honek, aitaren eta alabaren arteko komunikazio hausturaz jardungo du, literatura aipuen eta kontakizun laburren bidez. «Alabarekin nola komunikatu ez dakien aita batek paperezko hegazkin bat bidaltzen dio egunero balkoitik agur esateko. Hegazkinetan idatzitako mezuen bidez, aitak literatura-misioak jartzen dizkio alabari, liburuzain zorrotz baten konplizitatearekin argitu ditzan. Horrela, liburuen eta bizitzaren arteko lotura ezagutuko du neska gazteak. Urte asko geroago, orain idazlea den alaba, liburutegira itzuliko da bere lehenengo liburuan jaso duen iniziazio-esperientzia hori kontatzeko».

Antzezlan honekin Tanttaka teatroaren asmoa da liburutegia munduari irekitako leiho sorta gisa erakustea, izan ere, Tanttaka teatroaren ustetan, «liburuen edukiontzi huts bat izatetik harago, liburutegia pozez betetzen gaituen espazio boteretsu gisa aldarrikatzen da, begirada zabaltzen, elkar ezagutzen eta hobeto bizitzen laguntzen digun espazio bat; istorioen hazitegi amaigabe bat, beste geografia eta garai batzuekin lotzen gaituzten istorioak, edo gure kontraesan eta dilemen ezagutzan sakontzera eramaten gaituztenak, istorio haiek beren haragietan pairatu zituzten pertsonaien bitartez. Liburutegia protagonista bat gehiago da, arimaren ospitale bat eta esploratu gabeko lurralde bat, berez magikoa den espazio bat; babeslekua eta, aldi berean, bertan galtzeko gogoa ematen digun basoa. Mota guztietako istorio eta pertsonaientzako lekua da liburutegia, eta liburuak alfabetikoki ordenatuta egoteak ez du bere lana hain ondo egiten duen zoriaren rola gutxiesten, eta hala, gure eskuetara iristen dira, ustekabean, bilatzera joan ez ginen liburuak. Hori da liburutegien magia hein batean: altxorra (Poeren gutuna bezala) denen begien bistan dago, eta aldi berean, ezkutuan».

Istorioen istorio hau osatuko dute zenbait egileren testu txikiek; hala nola, Jutta Bauerrenak, Sylvia Plathenak, Julio Cortázarrenak edo Chinua Acheberenak. 

Egilea Harkaitz Cano da, eta zuzendaria, berriz, Tanttaka tetatroko Fernando Bernués. 'Mundua pitzatuta dago, baina hantxe gabiltza oinez' obra osatuko duten antzezleak dira, Miren Arrieta, Sara Cozar eta Asier Hernández.

 

Sarrerak eskuragai

Sarrerak 6 euro balio du helduentzat eta 3 euro txikientzat. 'Bibe.eus' atarian erosi daitezke, edota Erriberako leihatilan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!