Ez dute itxaron nahi izan Xabier Mikel eta Enekoitz Azparren anaiek, Euskal Herriko Itzulian protagonista izateko. Bietako bat ez, biak izan ziren eguneko ihesaldian atzo, elkarrekin, Itzuliko bigarren etapan.
Irundik abiatu eta berehala egin zuten ihes bi astigartarrek, beste hiru txirrindularirekin batera: Alexis Vuillermoz, Ivan Cobo eta Jetse Bol. Lau minututik gorako tartea ere izan zuten, baina kontrolpean mantendu zuen ihesaldia tropelak uneoro. Kanboko helmugatik 13 kilometrora harrapatu zituen iheslariak, eta 140 kilometro inguru egin zituzten lasterketa buruan.
Bi anaientzat izan zen «oso berezia» ihesaldian elkarrekin egotea: «Hitz eginda geneukan aukera polita izan zitekeela, ihesaldian sartu eta garaipena lehiatzeko; baina soilik bost lagun izanda oso zaila da». Edonola ere, etapa osoa «jo eta su» eman zuten arren, «hitz gutxi baina barre pixka bat» egin zutela aitortu zuten.
Paul Lapeirak irabazi zuen bigarren etapa, eta Primoz Roglicek jarraitzen du lider. Gaurkoan, Ezpeletan hasi eta Altsasun bukatuko den hirugarren etapan (191 kilometro), Goizuetatik gertu pasako da tropela: Basakabitik, 14:10ak aldera.