Udaberri bete-betean, apirilaren 21ean, izango du bere laugarren edizioa Sortzailien Azokak, Astigarragako Gazte Asanbladak antolatuta. Aurrekoetan bezala, herriko zenbait plaza eta kale jantziko dituzte mota guztietako produktuen postuekin. Hori horrela, herriko sortzaileen lana ezagutu eta erosteko aukera izango dute bisitariek.
Goizeko 11:00etan zabalduko dituzte postuak, eta egun osoan zehar izango dute herritarrek bertaratzeko aukera, arratsaldeko 19:00ak aldera emango baitiote itxiera azokari.
Izena emateko epea sortzaileek, datorren astelehenera bitarte
Azokan postua jarri nahi duten sortzaileek, otsailaren bukaeratik izan dute izena emateko aukera, eta egun gutxi barru bukatuko da horretarako epea. Zehazki, datorren astelehena, apirilaren 8a, izango da azkeneko eguna. Posta elektronikoz egin behar dute izenematea sortzaileek, astiarrakogaztiak@gmail.com helbidera mezua bidalita. Mezu horretan, honakoak zehaztu beharko dituzte: proiektuaren izena, telefono zenbakia, postuan egongo diren pertsonen kopurua, postuan eskainiko dena, sare sozialen esteka eta lanaren argazkia; azkeneko biak, aukeran.
Joan den urtean, 25 sortzaile inguruk jarri zuten postua, eta herritar ugari bertaratu ziren, beraien lana gertutik ezagutzera. Hartu-eman polita izan zen sortzaileen eta bisitarien artean.