Pasa den asteartean egin zuten martxoko Udal Plenoa Astigarragan. Gai zerrenda luzea zen arren, ez zen ezustekorik izan; aho batez onartu zituzten bozkagai zeuden gai guztiak.
Horien artean esanguratsuena Astigarragako aldiriko trenaren geltokia eta pasabidea egiteko obrak martxan jartzeko tramiteak onartzea izan zen. Batetik, hainbat ondasunen kalifikazio juridikoa aldatzeko espedientea onartu zuten, ADIFi utzi beharreko lursailak herri-jabariko izaeratik ondare izaerara pasatzeko. Bestetik, ADIFi lurzati horiek doan lagatzea onartu zuten. Gauzak horrela, azken tramiteak onartuta, EAEko Administrazio Orokorraren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Trenbide Azpiegituren Administratzailearen (ADIF) arteko lankidetza hitzarmena ere onartuta geratu zen.
Gastu orokorretako gerakinari buruz ere hitz egin zuten plenoan. Zehazki, aurtengo aurrekontuari 426.377 euro gehituko zaizkio, zenbait partida osatu eta berri batzuk gehitzeko asmoarekin. Proiektu esanguratsuenak ondorengoak dira: bidegorri sarea osatzea, hiri tentsionatu izendatzeko aholkularitza kontratatzea, udan igerilekuaren egutegia zabaltzea, irisgarritasun planeko ekintza gehiago egitea eta elkarte batzuen dirulaguntzak osatzea.
Dirulaguntzak hizpide, Tokiko Gobernu Batzarrean
Plenoaz gain, Tokiko Gobernu Batzarra egin zuten asteartean. Bertan, zenbait elkarteren dirulaguntza izendunak eta lehia irekiko deialdiak onartu zituzten. Besteak beste, ondorengo arloetako elkarteen dirulaguntzak onartu zituzten: euskera, hezkuntza, adin txikikoak, berdintasuna, kirola, gazteria, kultura eta jaiak.
Horrez gain, kultura jai eta ospakizunen arloetako dirulaguntzen eskaerak aurkezteko epea apirilaren 15era atzeratu zuten.