Suizidioaz eta osasun mentalaz hausnartzeko mahai-ingurua antolatu da apirilaren 10ean, Erribera kulturgunean, 18:00etatik aurrera. Mahai-inguruan Biziraun elkarteko kideek parte hartuko dute eta hizlariak honakoak izango dira: Iratxe Etxenike, Laura de la Iglesia eta Aitziber Garmendia; dinamizatzaile gisa Agustin Erkizia arituko da. Hizlariek gertakari gogorrak bizi izan dituzte oso gertutik eta euren bizipenetatik abiatuta, gaiarekiko mitoei eta testigantzei tartea eskainiko diete. Hizkuntzari dagokionez, euskeraz izango da eta gaztelaniara aldi bereko itzulpena egongo da. Aldez aurretik izena ematea ez da beharrezkoa.
Biziraun elkarteko kideek diotenez, «sarritan ezkutatu arren, suizidioa hor dago, gertatzen da eta gertakari horien atzean beti dago sufrimendua. Suizidioa egunerokotasunean presente dagoen errealitate bat izanagatik ere, gai tabua da, aurreiritzi eta mitoz janzten duguna. Inguruan tokatzen zaigunean minik ez emateko helburuarekin ez dugu jakiten zer esan edo nola jokatu eta beste batzuetan, egoera larriak aurrean izanda ere, ez daukagu arrisku-faktoreak identifikatzeko baliabiderik».
Isildutako errealitate honi ahotsa jarri nahian, Biziraun: Maite dugun norbaiten suizidioak mindutako pertsonen elkartearen laguntzaz, suizidioari eta osasun mentalari buruzko mahai-ingurua antolatu du Astigarragako Udalak. Biziraun elkarteko kideek badakite zein gogorra den maite duten pertsonaren galera traumatikoak dakarren dolua eta suizidioa tarteko dagoenean, horri gehitzen zaion bakardadea eta estigmatizazioa. Horregatik, elkartearen helburu nagusia da maite duen pertsona baten suizidioa jasan duen orori elkarretaratze eta laguntza gune bat eskaintzea. Horrekin batera, besteak beste, suizidioaren prebentzioa sustatu eta babestu nahi dute; ondorioz, suizidioa osasun publikoko arazo gisa ikusarazteko, sentsibilizazioa eta heziketa lantzea dute xede.
Gaztelekuan ere hitzaldia eskainiko du Iratxe Etxenikek
Suizidioa eta osasun mentalaren gaiak edozein adinetan du eragina. Horregatik, Gaztelekuko nerabeekin ere solasaldia izango du Iratxe Etxenikek, Biziraun elkarteko kideak, apirilean.