Asteazkenean elkarretaratzea egin zuen Kontseilu Sozialistak, Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 23a, 00:00

«Astigarragan otsailaren 2an poliziaren esku hartze batean pertsona batek bizia galdu zuela jakin dugu. Horrelako gertaerek argi erakusten dute poliziak duen inpunitatea», aldarrikatu zuten.

Martxoaren 20an bildu zen Buruntzaldeako Kontseilu Sozialista, «poliziaren esku hartze batean pertsona batek bizia galdu zuela» jakin zutelako. Lehenik eta behin «elkartasuna eta babesa» helarazi nahi izan die familiari eta gertukoei. 

Eta segidan, ondorengo salaketa egin du: «horrelako gertaerek argi erakusten dute poliziak edozein gauza egiteko duen inpunitatea, horrelakoetara heltzeraino.  Ezagun dira, gainera, Ertzaintzaren barnean dauden elementu faxistak eta horien jardunaren areagotzea. Hori guztia, ordea, azken urteotan izaten ari den estatuaren autoritarismoaren gorakadaren baitan kokatu beharra daukagu; izan ere, agintariek eskaintzen dieten babesak ematen dio poliziari bere jardunarekin aurrera jarraitzeko aukera. Egiten dutena edozer delarik ere, babestu egiten baitituzte».

Era berean, Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistak, dio gaur egun badirela «poliziaren demokratizazioaz diharduten indar politikoak». Eta ondorengoa gehitu dute: «Guk, argi diogu ezetz! Ez dagoela bere existentzia estatuaren indarkerian eta zapalkuntzan oinarritzen duen polizia indarrak aldatzeko eta demokratizatzeko aukerarik. Poliziaren bortizkeriari eta inpunitateari aurre egin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!