Ezkontzearen edo banatzearen ondorio juridikoak hizpide izango ditu etzi, Macarena Mujikak

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 18a, 00:00
Iruleko Macarena Mujikak eskainiko du hitzaldia. Argazkia: 'iruleabokatuak.eus'

Hernanin egoitza duen Irule Abokatuak kooperatibako Macarena Mujikak eskainiko du hitzaldia etzi, arratsaldeko 18:30etan, Emakumeon Etxean.

«Emakume asko ezkontza edota banatzeko prozesuan aurkitu daitezke, edo, kasu batzuetan, prozesu horri ekiteko zalantzan», azaldu du Astigarragako Udalak. Eta erabaki horiek hartu aurretik, Udalaren arabera «orientazio eta aholkularitza jasotzea aberasgarria da, juridikoki egon daitezkeen ondorioak ezagutzeko». Horregatik, etzirako, 'ezkontzaren eta banatzearen ondorio juridikoak' izeneko hitzaldia antolatu du, Emakumean Etxean. Hernanin egoitza duen Irule Abokatuak kooperatibako kide den Macarena Mujikak eskainiko du hitzaldia, arratsaldeko 18:30etan. Horrenbestez, Astigarragako Udalak eta Emakumeon Etxeak, herriko emakumeak bertaratzea animatu nahi dituzte.

Emakumeentzako aholkularitza juridikoa, martxan

Astigarragako Udalak iaz emakumeentzako aholkularitza juridikoko zerbitzu bat jarri zuen abian, «bereziki honako gaiei buruzko laguntza juridikoa eskaintzeko: familia, indarkeria matxista, lana edo atzerritartasuna». Aholkularitza juridiko honen helburua da emakumeek aholkularitza juridiko espezializatua izateko duten eskubidea bermatzea. «Zerbitzua konfidentziala, doakoa eta pertsonalizatua da (bakoitzaren egoera zehatzak aztertzen dira, eta
eskubideak eta horiek bermatzeko biderik egokienak adierazi). Jasotzen den arreta presentziala da, eta aditu baten laguntza eta aholkularitza izango du zerbitzuaren erabiltzaileak, betiere ikuspegi feministatik», argitu du Udalak.

Zerbitzua hamabostean behin eskaintzen da, astelehenetan, arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara, Emakumeon etxean; aldez aurretik hitzordua eskatuta emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com helbidera idatzita, edota  648 417 157 zenbakira deituta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!