Martxa hartuta du dagoeneko Astigarragako hitzaldi zikloak eta orain arte landu dituzten gaiak izan dira pornografia, pantailak, arauak eta mugak. Martxoan hezkidetzaz hitz egingo dute, eta apirilean, berriz, substantziarik gabeko adikzioen gaia jorratuko dute. Maiatzerako, aldiz, beste bi hitzaldi eskainiko dira, horietako bat izango da drogei buruzkoa, eta besteak pantailak izango ditu hizpide.
Etzi, begirada feminista batetik abiatuta, «sistema patriarkalak seme-alaben hezkuntzan duen eragina aztertzeko» aukera izango dute astigartarrek. Izan ere, Ekuako Ane Lekandak, hezkuntza sexista saihesteko, hezkidetzarako gakoak eskainiko ditu, «indarkeria oro prebenitzeko eta seme-alabak aukera berdintasunean hezteko». Hitzaldia etzi izango da, arratsaldeko 18:00etan, Erribera kulturgunean. Antolatzaileek jakinarazi dute hitzaldira joateko aldez aurretik izena eman behar dela 943 33 10 67 telefonora deitua, edota euskeraetahezkuntza@astigarraga.eus helbidera idatzita.